2013ko apirileko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, Bermeoko udaletxea “larriki” kaltetu zuen. Ia bi urte pasa ondoren, eraikina berreskuratzeko lanen lehenengo fasea abiaraziko dute asteon.
Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko urigintza zinegotziak jakinarazi duenez, lehenengo fasean, eraikinaren barruaren zati bat hustuko dute, eta estruktura berriaren lehenengo fasea eraikiko da. Lanok egiteko epea bost hilabetekoa dela azaldu dute. Bestalde, lanok iraun bitartean, udaletxeko aurrealdea itxita egongo da Goiko Plazako kioskoraino. Oinezkoentzako zein ibilgailuentzako zarratuta egongo da herritarren segurtasuna bermatu aldera; izan ere, udaletxearen aurrean garabi bat ezarriko dute lanak egin ahal izateko. Horren ondorioz, Alde Zaharreko zirkulazioan zenbait aldaketa egin beharko dituztela azaldu du Ormaetxeak.
Udaletxea berreskuratzeko lan hauek, aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak “aurreikusi gabeko gastuen ataletik” emandako diruarekin finantzatuko direla jakinarazi dute. Orain, Bermeoko Udala udaletxearen berreskuratze lanen bigarren fasea egin ahal izateko finantziazio bila ari da, “diru hau lortzea beharrezkoa da gure udaletxeko eraikina berreskuratu ahal izateko”.
“Eraikin garrantzitsuenetarikoa”
“Bere balore patrimonialagatik eta herritarrentzat toki adierazgarria” delako, Bermeoko udaletxea herrian dagoen “eraikin garrantzitsuenetarikoa” dela aipatu dute. Horregatik, “behar-beharrezkoa” ikusten dute eraikina “ahalik eta arinen” berreskuratzea, “eta martxan jartzea”.
Bermeoko udaletxean zeuden zerbitzu guztiak, 2013ko suteaz geroztik, Gizarte eta Kultura Etxean kokatuta daude. Idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak bertan aurki daitezke, besteak beste.