Jone Amezagari elkartasuna adierazteko, manifestazioa egin zuten urriaren 25ean,
Auzitegi Nazionalak hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Jone Amezaga Errigoitiko gazteari, 2012ko Urriko Azken Astelehenean pankarta bat jartzeagatik. Errigoitiarrak bost eguneko epea dauka auzitegiaren sententziari helegitea jartzeko. Hala egin ezean, Amezaga kartzela zigorra betetzeko arriskuan egongo litzateke. Izan ere, urte beteko beste zigor bat dauka, 2009ko Lekeitiko Antzar Eguneko istilu batzuen harira. Bi zigorrak batuz gero, hortaz, bi urteko zigor eskaeraren langa gaindituko luke bertoko bizilagunak.
Busturialdeko Sortuk jakinarazi duenez, gazteak kriminalizatzeko beste ahalegin bat da Amezagaren kasua. Zentzu horretan, estrategia politiko horren barruan kokatu ditu 26/11 sumarioa eta poliziak Donostiako Ernairen egoitzari egindako jarraipena.
Sorturen ustez, epaiketa politiko bat da Amezagarena. Nabarmendu duenez, “oinarri juridikorik ez” duen prozesu bat izan da, eta, horrenbestez, Auzitegi Nazionalaren erabakia “ulergaitza” da. “Euskal gazteria kolpatzeko helburu argiagaz egin dute epaiketa”.
Alderdi politikoak gaineratu duenez, “behin betiko” amaitu behar da epaiketa politikoekin. “Herri honen aldeko gazte konprometitu bat izatea, ez da kartzela joateko moduko arrazoia”, Sorturen iritziz. Kartzelak gehiago betetzeko ahaleginak atzean utzita, “espetxeak hustutzeko garaia” dela deritzo.
Errigoitiko gazteari elkartasuna adierazteko eta Espainiaren jarrera salatzeko, herritar talde batek mobilizazioak iragarri ditu. Datozen egunetan emango dute data zehatzen berri.