[Zutabea] Gorka Etxebarrieta: ecoPISA
Bukatu berri den urteko abenduaren 6an ezagutzera eman zuten PISA txostenak gure hezkuntza sistemak hobetzeko dituen zenbait alor agerian utzi zituen. Honetaz sekula ere entzun ez duzuenentzat, aipatutako nazioarteko ikerkuntza lanak, derrigorrezko irakaskuntza bukatzear dauden ikasleei egiten zaien azterketa batzuen bitartez, gazte horiek gizartean parte hartzeko beharrezko diren gaitasun batzuk barneratzeko gai izan diren aztertzen du. Horrela errendimendu egoki edo ezegokia lortu duten herrialdeen mapa margotzen da. Berria jakin bezain pronto kolore bateko sindikatu, irakasle, ikasle zein guraso batzordeak gobernuan diren politikariei emaitzen ardura eta erantzukizuna leporatzeko plazaratu ziren. Eta zer demontre! Belarri ondokoa ondo asko zaie! Azken finean, 1979. urtetik hona (lau urteko faltarekin) hezkuntza alor delikatu eta ezinbestekoan kolore bereko jakinduria agintzen izan baita Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Eta lagunok, hezkuntzan, politikak egin eta desegin dezakeena asko da. Beraz, PISArentzat garrantzitsuak diren irakurketa, zientzia edo matematika gaiak sendotzeko eta ni zein beste askorentzako beharrezkoa den gertutasunezko elikadura osasuntsu baten sistema gure jangeletan errotzeko, hezkuntza eta osasun kontseilari diren Cristina Uriarte andereak eta Jon Darpon jaunak egiteke mordoa dute oraintsu hasi zaien lau urteko legealdi honetan. Asmatu berri diedan gainditu gabeko irakasgai horren martxa zein den neurtu ahal izateko, adierazle ezberdinez osaturiko ecoPISA indizearen azterketa metodoa martxan jartzea proposatzen diet. Hau neurtu ahal izateko, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dauden hezkuntza, zahar etxe eta beste zentro publiko zein itunpekoetan elikagai eta elikadurarekin egiten den gestioa zer nolakoa den ikertu daiteke. Erabilitako elikagai aniztasuna, elikagai horien jatorria, zentro bakoitzetik 25, 50, 75, 100 edo gehiago kilometrotara erositako elikagai kantitatea, marka ekologikoz bermaturiko elikagai kopurua, sasoiko elikagai egutegiaren erabilera maila, menuaren bataz besteko kaloria kopurua, aurkeztutako menuaren prezioa, elikaduran urteko egindako gastua, bezeroko egindako gastu maila, bezeroen pertzepzio maila, pertzepzioa eta prezioaren arteko ratioa, urteko elikagai kilo kopurua, bezero bakoitzeko elikagai kilo neurria, elikagai hondakinekin egindako kudeaketa sistema, birziklatutako kilo kopurua eta honetan aditu direnek mahairatu ditzaketen beste adierazle batzuk erabili daitezke indizea osatzeko. Eta hori izanda, laginean parte hartu duten jantoki bakoitzaren kudeatzaileek beraien zentroa bataz bestekoarekin alderatuta adierazle bakoitzean agertzen duten egoera zein den jakin, eta aurrerantzean hori hobetzeko hartu beharreko neurriak ezarri ahal izango lituzkete. Zentzuzkoa? Agerian. Zaila? Borondatea. Noiz? Berehala. Baina zergatik? Adibide bat jartzearren, ikastetxe ezberdinen alde eta kontrako ezaugarrien artean, jantokien kudeaketa sistema egotea onartezina delako. Gure umeen elikadurarekin ezin da jokatu! Gernika-Lumo zein Markina-Xemeingo ikastetxe banak abian jarri duten autogestio sistema, zentro baten aukera bakana baino gehiago, herri apustu publikoa izan beharko luke. Gure umeek egunero jaten dutelako. Gertutasun, sasoiko, produktu kimiko gabeko eta kalitatezko elikagaiak ahoratzeko eskubidea funtsezkoa izan behar duelako. Eta politika zein politikariak, mekasuento, horretarako daudelako! Egin ez dena zentzuzkoa bada, EGITEKO!