Ziorik ezean... noraezean
Egunerokotasunaren hatzaparretan buru-belarri murgilduta, bizirik gaituen hatsaren ahultasunaz kontzientzia garbirik ez dugula, horrela bizi gatzaizkie eguneroko arazo eta gorabeherek atontzeko ardura eta zereginei etengabe makurtuta, gure baitara begiratzeaz erabat ahaztuta, bizitzak eskaintzen dizkigun aukera ugariez gozatzeko jarduerak garatu ez izanak eragindako arrangurak uxatzearren geure burua zuribiderik xelebreenez atzipetzeko asmoek bultzatuta, etorkizunari gure uste gehienetan hutsalak leporatzen ohituta eta eginbeharrik garrantzitsuenaz erabat ahantzita: bizitzaz gozatu.
Egungo gizarte aldartetsuan, etengabe eraldatzen dela dakusagun honetan, bere dinamika eroan geure burua zeharo buxatuta dugula antzeman arren, giza-zurrunbiloaren abiada ertzoak eginbeharrei berehalakotasun izana esleitzean gure asmorik gogokoenak, sakonenak, alboratuz gabiltza ipuinean bezala «aurrerago eta gozoago, aurrerago eta gozoago» bezalako aginduak buruari ematearen ondorioz egikaritu nahiko genituzkeen jarduera ugari etorkizun zehaztugabearen lepo itxiz inoiz ez gauzatzeko egoeran jarriz. Ekintzak dira, ondorioz, gure jarduera eta asmoen lekuko eta emaitzak ekintza garatuaren aztarna edota gure jarraibide gauzatuaren zantzu. Ekintza zehazten duen ezaugarria nahitasuna da. Beraz, antzeko bi adigairen arteko aldeak bereiztu beharra dago: batetik nahitasuna eta bestetik asmoa.
Nahitasuna hitzak objektuak irudikatzeko edota zerbaitez aipamenik egiteko burmuinak duen ahalmen edota gaitasuna adieraztera ematen digu eta asmoa hitza, aldiz, helburuak lortzeko egikaritutako jarduera zehatza dugu.
Gizakiak garatu ditzakeen gertakari denek sailkapen bitan bana daitezke: fisikoak eta psikikoak. Gertakari psikikoen paradigma irudikapena da, hau da, irudikatze-ekimena. Irudikapenaren oinarrian beti da irudikatutako zerbait [maitasunaren irudikapenean, maitatua adibidez] eta esandakotik, gertakari psikikoek objektua dutenek direla ondorioztatu dezakegu.
Beraz, irudikapena, eduki mentalaren baliokide da. Burmuinak, bestalde, objektuen irudikapenez funtzionatzen du. Ez du objektu fisikoen beharrik eta, hortaz, edozein jarduera mental kontziente irudikapenean oinarritzen da.
Hainbatetan, gure ohiko ahozko adierazpenean, sarritan asmoa eta nahitasuna nahastuz zehaztasun handirik gabe mintzatzen gara. Asmoa borondatean, oldozmenean eta ideietan identifikatu daiteke eta ikuspegi horretatik, gertakari mentala den neurrian nahitasunak, hau da, zerbaiti buruzko aipamena egiteko nolakotasunak nabarmenduta azaltzen da. Ikasleek sarritan diote «gainditzeko asmoa dut». Edukia, hau da, «asmoa» deritzon jarduera mentalari dagokiona, beti gauzatzen da ekintzetan. «Nahitakoa» hitzaren bi erabilerek, [teknikoak eta ohikoak], nahasketa sortzen dute/dezakete eta, beraz, ondorengoa argitu behar: asmoa, nahitasunak bereizten du, nahitakoa izanez, baina aldiz nahitakoa den orok ez du zertan asmorik izan behar.
Asmoa ez da ekintzari dagokion zerbait, ekintzaren egileari dagokiona baino, bere unibertso mentalari, eta begiraleari besterik ez dagokio antzematen dituen jarduerei ekintza izaera aitortu edo ez aitortzea, horrela definitzea interpretazio modu bat izanagatik egileak jarduera egikaritzean zeukan asmoa jarduera behatzean baino ezin ondorioztatuz. Baina nahitasun eta asmoak ez dira nahikoa ekintzak egikaritzeko. Horrez gain, zio edota motibazio sendoa ezinbestekoa da. Ziorik ezean gabiltza beti… noraezean.