Zer dabilzu txo?
Txo! Zer dabilzu? «Nik zer darabildan? Ondinokan hori esateko aurpegia dozu?» Eztabaida sutsuenetan holakoak entzuten doguz, askotan ez batak ez besteak arrazoirik ez daukiela. Baina arrazoi sinple bat baino gehiago, mindutakoaren berbak dira. Sarri ez dogu neurririk hartzen, edo ez gara konturatzen ez dala momenturik aproposena halako ustezko bromarik egiteko. «Zeu hasi zara potroak ikutzen, zer nahi dozu ba lagun?».
«Diooos, halan da bai!», danok dogu izentaute hutsak be min emoten deuskun akordua, denboragaz geureganatu doguna, baina zeozeinek aipatzen deuskunean, badaki mingarria izan leikeana. Konfiantzea leialtasunagaz irabazten dogu, eta lagun arteko haserrea leialtasun hori lehia bihurtzetik dator gehienetan, eta ziur ez dauala merezi!: «Zelan ezetz? Aho handi bat da eta!» «Ondo esan deutsazu, zer pentsata dabil ba!» Izkutuko minak, ezinak, arintzen saiatzen garenak, gogortu eta noraezean utzi gaituztenak, gure izaeraren parte bat dira. Ezkutaten saiatzen gara besteentzat agerian dagoana, eta onartua dagoan neurrian, hartu-emon sarea handiagoa edo txikiago izango da. Inor ez da perfektua, ez?
Amak esaten eustan, liburu txikian eukazala izandako eztabaida sutsuan lotsarik barik berari min emondako berbak. Parkatzen eustazala, baina ez ebazala ahazten. Elkarrenganako errespetua zaindu behar dogu, leialtasunez lagunaren konfiantzea geureganatzeko, bakardadeagaz hautsi eta lagun arteko babesagaz barne oreka izateko. Alkarren ezinak onartzeak, geure kabuz aurrera egiten laguntzen deusku eguneroko zereginetan, ze bataren ezinak bestearen abilidadeagaz ordezkatzen doguz eta aldrebes; giza talde lez, herritar legetxe alkar babestea ezinbestekoa da.
Sarri akordaten naz nik dodazan urteak nire gurasoek eukienean, hirukoizten eustezan urteak edadetuak zirala ezkondu ziran eta. Ze aparte gengozan alkarrengandik, eta ze hurrean alde batera. Desberdintasunak desberdintasun dirala, gauza bera gertaten jata alabagaz, nerabetasunetik ez da erraz entendiduten zahartzaro hasi barria, eta aldebres be ez. Tapauten ahalegintzen gara besteentzat begi-bistakoa dana. «Txo primo, ez daukazu txarra, danok gara diferenteak besterik barik, ala ez?» «Zer dabilzu txo?» «Honeri ostera ezin leike ezer be esan».