Zein dala eta zein dala?
Bale ba, ondo da, orain neuri tokaten jata… ea asmatzen dozuen zein dan. Ez da gatx-gatxa, baina asmatu egin behar da. Bueno… ba aurtengo urtarrilaren 24an Anizen, Baztango herri txiki baten, ezagun honen nobelagintzaren ganean hitzaldia emon euskun (H)ilbeltza izeneko euskal nobela baltzaren astean bere herriko beste idazle batek; hain zuzen be, Miren Agur Meabe lekeitiarrak.
Ez dala erraza igartea? Zer nahi dozue ba?, tik-tak, tik-tak… zuetako zeozeinek asmatu ezean hurrengo prendea jaso beharko dau… Gerra Zibil aurreko idazleekin hartu-emon handia izan eban eta, besteak, beste Zubikarai eta Lauaxetagaz Bilbon gerra denboran euskaraz idatzitako Eguna (1937) izeneko lehenengo egunkariaren publikazioan parte hartu eban. Olerkari eta antzerkigile, narratzaile lez Arranegi (1958), Araibar zalduna (1962), Batetik bestera (1962), Txurio Txoria (1986) eta Irribarrea bukatzen denean (1987) nobelak idatzi ebazan. Gainera, Bilboko Banco de Vizcayan behar egin ebanez, zazpi urtez (1964-1970) banketxeko kazeta euskaraz idatzi eban. Lan isila eta nekaezina, ziurrenik irakurle gitxi izan ebana, baina hizkuntza administrazioan be aitzindari izan zan gure gizona.
Miren Agurrek batez be genero baltzean kokatu leikean Txurio Txoria nobelaren inguruan berba egin arren, Eusebioren nobelagile estiloaren ganeko gogoeta egitean, narratzailearen ahotsaren indarra azpimarratu eban, ze deskripzioetarako joera eta ekintzaren balorazioak egiteko beharra aipatu euskun; irakurteko irakurlearen ahalegina eskatzen dauan literatura. Euskara hizkuntza jantzia erabiltzearen aldekoa, ez eban erregistro marjinalak gustuko; halan da be, lexiko aldetik sustrai desberdinetako berbak erabiliz, esamoldeetan izugarri aberatsa, estilo aparta eukan Eusebio Erkiagak.
Bat-batean ez zinetela akordaten … ahh… lagune, min puntan baina… XX. mendeko 80ko hamarkadan edadekoa zala, modatik pasatuta ikusten eban bere burua. Narrazioan beste joera batzuk gailendu zirala eta, ordurako Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez (1983) edo Atxagaren Bi anai (1985) argitaratuak izanik, euskal nobelak beste era batekoak zirala konbenziduta egoan. Gaztetan disgustua izan baeban be Lauaxetak Antzar Egunean erlojua galdu ebala eta, gure idazle lekeitiarraren eleberri, olerki, antzerki eta kazetari lanek erakusten deuskue ez ebala denborarik galdu, euskararen alde sekulako beharra egin ebala. Zein dala eta zein dala? Ah…. ba Eusebio Erkiaga (1912-1993).