Kirolak jendetza mugitzen du. Jendetza horren zati bat forofo edo zale amorratu bihurtzen da, askorentzako erlijioa bihurtu ohi delako kirola. Prentsak eta kaleko hizkerak erraztuta, Aduriz, Ainhoa Murua, Mikel Landa edo Irati Anda gaztetxo askoren eredu dira. Beraien lehiaketetan erakusten duten jarrerak eragin nabarmena dauka gizartean eta badute zer hobetu, batez ere futbolariek.
Futbolak gizartea aztoratzen duela esatea gutxi esatea da akaso. Pertsonalki, publikoaren jarrera tamalgarri bezain lotsagarriak kezkatzen nau jokalarien jarrerak baino gehiago. Athletic eta Bartzelonaren arteko kopako partiduan telebistan ere atzematen zen San Mamesen ozen abesten zela Andres Iniesta Bartzelonako jokalariaren aurkako abesti bat, beste askoren artean. Abesti erraza zen, sinplea, tonu politekoa, baina eduki negargarrikoa. Askok harro abestuko zuten. Beste asko giroak eragindako berotasunak lagunduta ariko ziren kantari. Biharamunean lehen hezkuntzako 5. mailako gaztetxo talde bat Andres Iniestaren aurkako abesti hori garrasika abesten entzun eta ikusi nituen klase barruan. Zer pentsatua eman zidan. Futbolaren zirkuaren parte dela aipatuko dute beste askok baina partida horretan futbolaren ustezko katedralak galdu egin zuen, bai markagailuan eta baita gizatasunean ere.
Jendea futbol zelaietara barrena hustera joaten dela dirudi, amorruak eta ezinak besteen gain askatzera. Kexak, mehatxuak edo irainak, denak onartzen dira. Aurkaria zapaltzea da helburua, denaren gainetik irabaztea. Faltsuak gara gainera. Gure bizilagun senegaldarrak ez ditugu ondoan nahi baina ederki txalotzen dugu Iñaki Williams. Jakina, gure aldekoa delako. Raul Garcia nafarrari edozer esaten genion eta orain aldez aldatu denean zutik txalotzen dugu. Ez dakit zer den tristeagoa, egoera honetaz konturatu eta berdina egitea, edo ez konturatzea.
Tamalez, beste kirol eta bizitzako esparrutan ere zabaltzen ari da eredu hori. Aimar Olaizolari txistu jotzen diote askotan sakea ateratzera doanean, txirrindularitzan ere denei animatzeko joera aldatzen ari da eta bertsolaritzan ere animo oihu futboleroak ugaltzen ari dira beste adibide askoren artean.
Badugu zer hausnartu.