Zaharrak berri
Mokoak, eztula eta gorputz txarrarekin egun pare bat daramatzat, eta bi aldiz pentsatu gabe covidaren testa egin dut, automatizatuta daukadan jokabide bat izango balitz bezala. Inguruan pertsona zaurgarriak izateagatik berriki ikasitako jokaera izan arren, guztiz barneratuta daukadan erantzun bat dela konturatu naiz, eta orduan pentsatu dut zenbateraino aldatu gaituen Wuhanetik abiatu eta mundu guztira hedatu zen birus hark, eta ondoren gertatutakoak.
Pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko modu berri bat instalatu zen orduan. Txintxoak izaten ikasi genuen, eta esan zitzaigun ordutegian eta uzten zitzaigun tokietan ibili ginen. Araua hautsi zuenarekin haserretu ginen eta salatu ere egin genuen, edo langileei eta zaintzaileei jarritako neurrigabeko isunak normalizatu genituen. Farmazeutika multinazional nagusiak aberastea ekarri zuen txertoen esperimentazio cobaya bihurtu ginen, borondatez. Gure tribuaren zaintzaren ardura geure gain hartu genuen, horretarako baliabiderik izan ez arren askotan. Triburik ez zeukatenez ahaztu ginen maila handi batetan. Hitz gutxitan, beldurraren poderioz jendarte gisa desegituratu gintuztela esango nuke. Nik ez dakit, konspiranoikoek dioten moduan, orkestatutako estrategia bat izan zen edo ez, baina argi daukat agintariek sistema indibidualista eta kapitalista sendotzeko baliatu izan zutela, eta baita lortu ere.
Gaur eta hemen, coronavirusa ez da horren arriskutsua, eta ez da horren kutsakorra, baina aurrez aurreko zitak gutxitu dituzte eta hitzordu telefonikoekin ordezkatu. Pandemiak bertan behera utzitako espezialista zerbitzuak orain marxan omen daude, baina zita bat behar izatea besterik ez dago, asumitu ezin daitekeen itxarote zerrenda batera bidaltzen zaituztela konturatzeko.
Osasun Sistema Publikoa desmantelatzen ari dira, eta hau ez da baliabide faltagatik izaten ari. Osakidetza eta Osasunbideako zerbitzuak prekarizatzen ari dira etengabean, gure gobernuek osasun zerbitzu pribatuaren aldeko apustu argia egin dutelako. Honen adibide asko dauzkagu inguruan: Begoñako Virgen Blanca klinikako sarreran, medikuak agertzen diren panelean, Galdakaoko Ospitaleko mediku titular mordo bat ikusi ditzakegu. Bertara joanda sartu zaitezke itxaron zerrenda publiko batean, publikotik doazenak baino lehenago kasu askotan. Ebakuntza baten zita aurreratzeko, zentro pribatu batean egiteko aukera ematen deitzen digute zerbitzu publikotik… eta niretzat esanguratsuena dena. Bilbon, 2015etik Zorrozaurreko IMQren egoitza parean Iñaki Azkunaren Bustoa dago. Osasun Sailburua eta Bilboko alkatea izandakoa omentzeko irudia ez dago Gurutzetan, ez udaletxean, igualatorioan baizik. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.