Urrunketari agur esateko ordua da
1987an euskal presoei urrunketa-politika sistematikoki apliketan hasi jakezanetik urte asko pasau da, bistakoa danez. Milaka pertsona dira era batera edo bestera salbuespen-neurri hori jasan dabenak, izan presoak eurak, zein hareen senide eta lagunak. Gaur egun 184 euskal preso, 30 bat iheslari eta 8 bat deportatu daude gatibu edo erbestean. Presoei jagokonez, 101 dagoz, era baten edo bestean, Euskal Herriko espetxe eta zentroetan. Gainontzekoen artean, estatu espainiarrean gehienez 500 km-ra dagozanak eta frantziar estatuan 900 km-ra dagozan emakume presoak dira urrunketa hori gordinen jasaten dabenak. Urrats nabarmenak emon diran arren, bada ordua mendekuan oinarritutako urrunketa-politika hori behingoz amaitu daiten. Horixe da SAREren helburu nagusia orain, eta erronka gisa daukagu aurton, edo gehienez jota 2023an, preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan egotea.
Gernika-Lumoko presoen kasuan be, urrunketa ez da amaitu: Kepa Arronategi Aita Mennin (Arrasate) dago, Eneko Goieaskoetxea El Dueson (Kantabria, 102 km-ra) eta Jabi Abaunza (Lannemezanen, 317 km-ra). Hurbildu izan dabez, baina ez dagoz hirurak Euskal Herrian. Eta urrunketaz gan, beste eskubide-urraketa sistematikoak ezagutu dabez euskal pesoek: espetxe-lege arrunta ez aplikatzea, gaixotasun larriak daukiezan presoak espetxean mantentzea, eta Frantzian betetako kondena-urteak ez batzea, besteak beste. Badago, beraz, zer borrokatu oraindino.
Aurten agur esan gura deutsagu urrunketari. Urruntzearen eta sakabanatzearen politika bertan behera geratzea eskatzen dauan Izan bidea dinamika amaituko da honenbestez, eta fase barri bat abiatuko dogu euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alorrean eta, bereziki, euren guztien etxeratze prozesuan. Norabide horretan SARE nazionalak mugarri indartsua ezarri gura dau urriaren 8ko Donostiako ekimen erraldoian. Aurretik, Gernika-Lumon datorren barikuan, ekainaren 10ean jarri dogu urrunketari agur esateko hitzordua. 19:00etan batuko gara Merkurion, eta kalejira alai bategaz agurtuko dogu urrunketa, datozen erronkei ekin aurretik. Gonbidatuta zagoze Gernika-Lumo eta inguruko herritarrak berton parte hartzera. Zatoz, eta esan zeuk be agur urrunketari.