Urdaibaizidioa, Erreserbaren suntsipena
Ikusten duzu goizean
argia hasten denean,
menditxo baten gainean,
etxe txikitxo aintzin zuri bat
lau haitz ondoren erdian,
txakur txuri bat atean,
iturriño bat aldean…
Han bizi naiz ni pakean.
Elissanburu
Guadalajaran, Espainiako Erresuman, bada herri txiki bat: Zorita de los Canes. Tajoaren ondoan, ibai-hondartza paregabe bat dauka. 60 bat biztanle besterik ez dira bizi han, eta taberna bakarra dago. Udan 1.500 pertsona inguru eguneko hurbiltzen dira herriaz «gozatzera».
Urdaibain, erreserba zainduan, Guggenheim 2 bat eraikitzeko asmotan dabiz, Busturialdea turismoaren eskutik berpizteko helburuaz.
Turismoa industria modura, ustezko onura ekonomiko itzelak dituen basazko oinetakodun panpina baita. Hainbat lekutan ikusi dogunez, baldintzatutako (eguraldia, modak, gatazkak…) apustua.
Ekonomikoki ezegonkorra eta aldakorra bada be, sozialki, soziologikoki, ekologikoki eta kulturalki ere ondorio kezkagarriak dakartza. Ezaguna, adibidez, turismo eredu honen pack-agaz batera, langileon baldintzen eta eskubideen ahultze orokorra datorrela. Eredu kultural eta artistiko exogenoen inposaketarekin bat, euskararen egoera makala larrituko duen agentea dogu baita ere.
Turismo klase honen garapenak ez dauka neurririk, ez da sostengarria. Munduko hainbat toki zoragarri ito ditu. Venezia, Bartzelona, Praga… Jasanezina dan giza uholdeek leku itzelak izorratu dabez. Aspalditik ezagutzen dogu turismoaren eragin kaltegarria gure inguruan. Gaztelugatxera igotzeko ilarak, kostaldeko herrietako kolapsoak, masifikazioa, kotxe karabanak, zaborra nonahi…
Eta tamalez, apurka-apurka gure inguruko hiri handietako errealitatea ere modu kezkagarrian eraldatzen ari da. Nork ez dau inoiz aipatu zelan aldatu diran Bilbo edo Donostia. Zazpi Kaleetan edo Donostiako Alde Zaharrean herritarrak urrundu egiten dira bisitarien uriola pairatu ezina ekiditzeko. Frankiziak beteriko arimarik eta nortasunik gabeko hiriak garatu dira, postal hutsak.
Azkenean atzerritarrak gara gure herrian. Gentrifikazioa aurrera doa, hori ere ohikoa pack-ean. Ez bakarrik hirietan, Urdainbain be. Fondo Putre arrotzek eta beste «marrazo» batzuek, gure pisu, etxe eta baserrietaz jabetzen ari dira. Hor agertu dira, adibidez, azken aldian jada patrika handiko «inbertsore» arrotzak milioikako «proposamenak» han hemenka luzatzen, hotelak edota beste negozio batzuk eraikitzeko asmotan.
Hau bai benetan arazoa! Jabego nazionala, gure lurra, hirugarren batzuen eskuetan galtzen ari da eta, sarritan, arrasera bikoitza erabiliz, herritar xumeak pairatzen dauzan araudi zorrotzak ez dira hiru-
garren boteretsu horreentzat esistitzen.
Herritar asko dago kezkatuta, baina ez bagara antolatzen eta ez badogu parte hartzen, Urdaibaizidioa ezin izango da ekiditu. Bihar Akordan egun osoko aukera paregabea izango da lehenetariko urratsak emoteko. Animatu zaitez!
Urdaibai ez dago salgai, edo ez leuke egon beharko.