Umeentzako espazio estalien premiazko beharra Gernikan
Azken urteotan, Gernika-Lumon herri-birmoldaketa handiak egin eta hainbat eremu eraldatu dira. Hala ere, badirudi alderdi garrantzitsu bat alde batera utzi dela: haurrak eta hauen ongizatea.
Haur Hezkuntzako irakasle eta auzotarrak garen aldetik, biziki kezkatzen gaitu herrian haientzako espazio estali egokirik ez izateak. Gure klima oso aldakorra da eta urteko zati handi batean, euria, haizea eta hotza izaten ditugu aurrez aurre. Egoera horretan, haur txikiak dituzten familiek ez dute aukerarik beren seme-alabek modu seguru eta babestuan jolastu eta sozializatu ahal izateko..
Eskolako gurasoek ere sarritan helarazi digute egoera honen larritasuna; izan ere, askok eguraldi kaskarra dagoenean beste herri batzuetara jotzen dute jolas-parke estalien bila. Esan beharra dago, dauden jolas-parkeen mantentzea eta garbitasuna ere ez dela egokiena, eta ondorioz, familiek askotan etxean geratu behar izaten dute, seme-alabek jolasteko eta garatzeko dituzten aukerak mugatuz. Egoerak txarrerantz egin du azken urteetan eta herriko familien haserre eta frustrazioa handitzen daudela nabari da.
Haurrei mugitzeko, elkarri eragiteko eta jolasaz gozatzeko espazioak eskaintzea funtsezkoa da haien garapen fisiko eta emozionalerako. Garrantzitsua da gogoratzea bizitzako lehen urteak etapa kritikoa direla haurren garapenerako. Jolasa, entretenimendu hutsa baino gehiago, ikasteko eta hazteko tresna bat da, trebetasun motorrak, kognitiboak eta sozialak sustatzen dituena. Haurrek modu seguruan mugitu eta esploratu ahal izateko, azpiegitura egoki eta seguruak behar dituzte, klima edozein dela ere. Hori horrela, estalitako eremuak ez dira luxu bat, premia bat baizik.
Kontua ez da azpiegitura hobetzea bakarrik, baizik eta gure komunitatearen etorkizunean inbertitzea. Haurrak beren ongizatea sustatzen duen ingurune batean hazten direla bermatzea inbertsio bat da Gernika-Lumoko etorkizunean. Gernika-Lumok herri-plangintza inklusiboaren eredu izateko aukera du, biztanleriaren sektore guztiei entzuteko eta arreta eskaintzeko, batez ere txikienei.
Egoera hau aztertzea eta parkeetan eta jolas-eremuetan eremu estali seguruak sortzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Guztion beharrizanak kontutan hartu eta haurrak erdigunean jarrita, ikasi eta hazteko lekuak sortzea eskatzen dugu, eguraldi txarra oztopo izan gabe.