Udea amaitu jakonekoa
Udea, bere barrenean, aintzina amaitu zan; udea edo, behintzat, udeari buruz gizarteak daukan irudia
Higadurea ez dala sekula agortzen dino JP Lohian musikariak, ez dala hazurrak miazkatzeaz nekatzen. Berbok nahikoa abstraktuak izan arren, berari heriotzeaz ari dala begitantzen jako, galerearen kontzeptuaz. Biziak hazurrak okelaz zein ilusinoz hornitzen dituan neurrian, heriotzea, ezinbestean, odol eske dator, eta hazurrak miazkau arte agortuta, ezereztuta isten gaitu. Ez dakit ba ete dagoan euskal poetarik galerearen premisea hain labur eta hain egoki azaldu dabenik. Joseba Ponce edo JP Lohian musikaria da, –paperaren ganean, sikiera–, baina, bere belarrientzako, poetea be bada.
Udea, bere barrenean, antzina amaitu zan; udea edo, behintzat, udeari buruz gizarteak daukan irudia. Akabau jakozan, aspaldidanik, bere barruko auto ilarak, hondartza egun jentetsuak nahiz eguzki itogarria. Bat-batean, El Duo Dinamicoren El final del verano etorri jako akordura, eta bere semea lokartzeko sasoian, erdi bromatan eta erdi benetan, sakelako telefonoan ipinten eutsonekoa be bai. Lehen segundutik harrapau dau, baina, kanta eder orok entzulea harrapetako daukan ahalmen zinez liluragarriak. Irribarre lotsati bat egin dau, aspaldiko abestia dalako eta, daborduko, hasi garelako belaunaldi arteko betiereko burrukan, eta semeari proposatzen deutson dana zaharregia iruditzen jakolako. Semeak ez dau entzuten dagoana gustetan jakonik autortu gura –soberan igarten jako–, baina, badaezpada, isilik iraun dau, badakialako kejaz hasi ezkero gailendu egingo dala, eta kantua kenduko deutsola. Eta ez dau nahi; ezin dau nahi izan. Pero se, que en mis brazos, yo, te tuve ayer, dino bikote dinamikoak, eta semeak eskuaz begiak estali deutsoz aitari, bere hunkidurea zeozelan mozorrotu asmoz.
Dozenaka bider jarri izan deutsoz aitak bere nazino ikuspegiagaz bat datozan abestiak, haren arima moldagarria bere gustura bihurritzeko, baina ez dau egundo arrakastarik lortu. Gogaitu besterik ez dau egin. Eta hara non, inoz bere imajinario kolektibokotzat autortuko ez leukean kantu zoro eta kasposo horrek semetxua berba barik laga daben, itsasoaren kresal usaineko haizeteak mozkortuta lez. «Zer dauka, ba, abestiak?», itaundu deutso, artean, aitak bere buruari. Badauka melodia ezti bat, baita ahotsen joko efektibo bat be. Baina badauka, batez be, ideia unibertsala, JP Lohianek bere erara eta honeek eurenera defendatzen dabeena: daukaguna galtzeko bildur malenkoniatsua. 2011ko garagarrilaren 6ko goiz euritsu batez lagun min bat galtzearen pareko zeozertaz dabil.
Arraroa da dan-dana kontzeptu oso hortero batetik etorri izana: bere barreneko udearen despedidea, haurtzaroko oroitzapenak, Verano azul, Chanquete, Julia… baina, tupustean, badaki denporean iraungo dabela momentu honek, hau da, bere etorkizunean bidaia bat egiten ari dala.