Udaberria bete-betean
Asko izango dira lorez jositako sagarrondo baten aurrean liluratuta geratu, baina gero Suitzako sagarrak jaten dituztenak. Seguru gure dendetan errazagoa dela Suitzako sagar bat erostea bertoko bat baino.
Berdin da egutegiak zer dioen edo ez dioen, inguruetan udaberria somatzen da, lore kutsua dago edonon. Batez ere aurton loratsu egon dira, eta daude, zuhaitzak. Gerokoak gero, eta ezin da jakin oraindik urteak zenbat frutu ekarriko dituen, baina lorak milaka egon dira.
Seguru zuk ere ikusi duzula zuhaitzen bat lorez josita. Ederra izan da horrelako zuhaitz bat edo talde bat ikustea, alaitzen gaituen gauza horietariko bat da natura bere edertasunean ikusten dugunean. Baina edertasun puntu horiek oasi antzekoak dira gure baso eta landetan.
Bapatean sagardi bat lorez josita ikusten denean ikusgarria da, are ikusgarriago lorarik gabeko arbolez inguratua egoten delako.
Edertasun horretaz jabetzeko gai gara, baina gero bakoitzak bere landa lurretan sasia –hobeto sasia izatea inork aprobetxatzea baino– eta baso lurretan pinua edota eukaliptoa landatzen dugu.
Asko izango dira Aste Santuan edo tokatzen denean Jerteko bailarara joan direnak hango gereziondoak loran ikustera. Eta han izan ez garenok ere badugu horren berri, Jerteko bailaran aberastasuna –lur jabeena eta kolektiboa ere– sortzen duen gereziondo landaketak oso ezagunak baitira.
Asko izango dira lorez jositako sagarrondo baten aurrean liluratuta geratu, baina gero Suitzako sagarrak jaten dituztenak. Horiek ere ezagun zaizkigu telebistan iragarkiak ikusten ditugulako. Eta seguru gure dendetan errezago dela Suitzako sagar bat erostea bertoko bat baino. Horrek ere lur jabeen eta kolektiboaren aberastasuna sortzen du.
Bitartean, gu jo eta ke eukaliptoak landatzen, ez jabeen aberastasuna ez kolektiboa izango ez den landaketa horrekin. Nonor aberastuko da bai, eta nor edo nor galtzaile irtengo da. Izan ere, badakigu kea suaren seinale dela, eta orain momentuan ez bata ez bestea ikusten ez ditugun arren, begiratu Euskal Herritik horren urrun ez dagoen Galiziara, eta han zer gertatzen den ikustea besterik ez dago. Hori denon artean sufritu eta ordainduko dugu.
Badira gure lur eta basoei beste aberastasun bat –lur jabeena eta kolektiboa– ateratzeko erarik, eta sasoia ere badela iruditzen zait. Udaberria etorkizuna beste alaitasun batekin ikusteko sasoia delako.