Uda, Udan eta Udak
Hondartzan gagoz. Lasai, gustora. Umeak betiko moduen atzera ta aurrera. Pozik, zoriontsu. Baina halako batez oihuak, jendea korrika…marrazo bat ote?…Eztandak. Dozenaka. Umeak zatituta, odolustean… Leherketak non-nahi. Uretan, hondarrean, txiringitoetan.
Amets gaizto hau benetan gertatu da, baina ez dozu zure telebistan ikusi. Krimean, ekainaren 25ean, Errusian, ukrainar gobernuak hondartzak bonbardatu ebazan, estatubatuarren espezialistek zuzendutako mordozko bonbak diran ATACMS misilekaz.
Beno momentuz lasai ibiliko gara. Errusiak ez ditu uda honetan gure hondartzak bonbardatuko… zorionez! Baina, agian, Al Qaedak edo ISISek bai!
Terrorismoa, egun, Mendebaldeko potentzien odola darion esku iluna da. NATOk hainbeste biderretan mehatxatu dau, eta «intensitate gitxiko» ekimen honeek 3. Mundu Gerraren baten atarian gagozela, ez ba gagoz be, adierazten dabe.
Probokazioa nagusi eta bandera faltsuko hainbeste ekimenek eragin zuzena izatea nahi dabe. Moskuko Antzerkiko sarraskia, Rostov, Daghestan, Souleimaniren Omenaldia Iranen…
Gogoratuko dozuez Amerikako Estatu Batuetan izan ziren 2001eko Irailaren 11ko atentatuak. Orduan Al Qaeda eta Bin Laden bihurtu ziran «munduko etsaiak» eta aitzakia ona izan ziran Afghanistan, Irak eta beste hainbeste lurraldeetara, beste interes batzuen arabera, gerra eroateko.
Paradoxa. Gaur AlQaeda eta ISIS estatubatuarren tresna dira Siria, Errusia, Iran edota beste edozein tokitan erasotzeko. Sortzen ari dan nazioarteko ordenu berri honetan, Mendebaldeko hegemonia zalantzan edo kolokan jarri daikiezenak dira terrorismo instrumentalizatu honen helburuak. Gramscik esaten eban moduan, «Mundu zaharra hiltzen ari da. Berriak denbora behar du. Eta argi-ilun horretan sortzen dira munstroak», eta horretan gabiltza.
Egun, munduko populazio gehiena beste parametro batzuetan dabil. BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) elkarte ekonomiko eta komertzialera beste 31 estatuk eskatu dabe parte hartzea. Mendebaldea isolatuta dago eta hortik dator Gramscik botatako esaldiaren gaurkotasuna, Mendebaldeak izan dauan hegemonia agortzen dabil eta beste mundu batean atarian monstruak dabiz hondartzak suntsitzen.
Horregatik, uda hau berezia izango da. Gure arazoetaz gain, mundu mailako errealitatea ahaztea, agian, aukera bat izan daiteke. Baina hor diraute Gazako genozidio ahaztezinak, Siriako egoera latzak, Donbasseko gerra amaiezinak edo Kongoko holokausto ahaztuak beste hainbeste sarraskien artean eta, agian, konturatu beharko ginateke datorren urtetik aurrera udak agian ez direla, guretzat dinot, berdinak izango.
Soldaduska berreskuratu nahi dabe. Errusiaren kontrako gerraz lasaitasunez ari dira hedabideetan. NATOk egunero adierazten dau gerra erraldoi baten atarian gagozala. Gure ongizatea agortzen ari da. Urrun egozan errealitate deserosoak eta ahaztuak hurbiltzen ari jakuz. Beste alde batera begira jarrai gaitezke edo benetan datorrenaren kontzientzia hartu, nolanahi geldiarazteko. Gure esku dago.