Uda noiz iritsiko zain
Denok egoten gara uda noiz iritsiko itxaroten, ezta? Oporrak, hondartza, eguraldi ona, afari-bazkariak edozein momentutan… Polita da, ez dago dudarik.
Orain imajinatu momentu batez nola jartzen den Urdaibai udan. Hondartzak bete-beteta aparkatu ere ezin da egin, turistak nonahi, festak astebururo (musika topera, su artifizialak,…), gau ta egun kalean. Trajin askotxo leku txiki baterako agian.
Ez diot gugatik, trajin asko egotea ona da printzipioz eskualdearentzat. Kontua da animalia askorentzat garai oso-oso garrantzitsua dela uda, ugalketarako sasoia delako. Urte guztiko momenturik inportanteenetariko bat esango nuke nik.
Zer zorte txarra gauza biak aldi berean izatea. Esan nahi dut animalien ugaltze sasoiak urte guztiko sasoirik mugituenarekin kointziditzea.
Badakigu espezie bezala guztion helburua (biologikoki behintzat) hurrengo belaunaldietara ahalik eta ale gehien eramatea dela. Hori nola ez, ugaltzen bakarrik lortu daiteke, eta urte horretan ez baduzu hori lortu, hurrengo urtera arte itxaron behar da.
Ez dut esango espezie bezala porrot egin duzula, baina urte horretan bai behintzat. Animalia batzuk urte asko bizi dira, baina, adibidez, 4-5 urte bizi den txantxangorri batek? Ez dauka horrenbeste denbora bere helburua betetzeko.
Eta zerikusi dauka gure uda trajintsuak honekin. Bueno, nahikotxo eragiten dugula animalietan, are gehiago bere ugalketan. Imajinatu, adibidez, zozo bikote batek Gernikako zuhaitz batean habia egitea erabakitzen duela. Abuztuak 14 iritsi da, su artifizialak, musika, egun osoan zehar… Uste duzu hori aguantatzekorik badagoela?
10-15 egun bikotea bilatzen, 15 bat egun habia egiteko, beste 10 bat egun arrautzak erruten eta 15 bat egun txitoei jaten ematen nahiko handiak izan arte. Lan guzti hau egiten du zozo batek adibidez, egun batean guk eragindako edozein akziok guztia zapuzteko. A eta txarrena, hurrengo urtera arte itxaron behar du berriz ahalegintzeko.