"Txarri belarri"
Olentzerok ekarri didan kafe makina dotoretik ateratako hogeita zazpigarren kafearekin eseri naiz urteko lehen zutabea idazteko ahaleginetan. Mahai borobila pantaila karratuaren euskarri eta txokolatezko bi gaileta katiluaren lagun direla ekin diot lanari, egun ilun bezain tristeok goxotzeko asmoz. Ez da nire helburua gailetak eta urteak alderatzea, baina horrela pilatu zaizkit urte zaharra eta berria, bata bestearen gainean. Ohartzerako, bata irentsita dago eta bestearen bila goaz. Irentsi, baina, guk egin behar dugu eta ez alderantziz. Urtearengandik irentsiak izatea balorazio eskasa litzatekelako, agian.
Gogotsu eta indarrez hasi dut 2023a, eta inguruan ere helburu irmoekin nabaritzen dut jendea. Harrigarria da berez zaila den urtarrileko aldapa are aldapatsuagoa egiteko daukagun erraztasuna. Kirol gehiago egitea, kilo batzuk kentzea, erretzeari uztea edo azukrea gutxitzea izan daitezke adibide batzuk. Nire kasuan, zaharrak berri. Intentzioa gauza ederra da, baina borondate indarrak 15-20 eguneko iraungitze data dauka nigan, gutxi gorabehera.
Bitxia da nola aldatzen diren gauzak (kamarada) urteen joanean. Gure amamari entzun eta ikasitako kantu zaharrak zioen, «Urtebarri kari-kari, dekonak ez dekonari, nik ez dekot eta zuk niri emotea sari, intxaurtxu bi, hiru gaztaine…». Urteko lehen egunean etxez etxe kantuan joatea zuten ohitura zein jolas, eta zeukanak ez zeukanari ematea helburu. Dirurik ez zuten jasotzen ia, baina intxaur ta gaztainekin betetzen zuten barrena, eta norbaitek opil-gozokiren bat emanez gero, gaitzerdi. Egun, nor legoke kantura irteteko prest intxaurtxo bi eta hiru gaztainaren truke? Oinarrizko gauzetatik helburu handietara egin dugu salto. Helburu handiegietara, beharbada. Gainera, emaitzak atoan eskatuta, segunduan, pazientzia zer den ere ez dakigula.
Urtarrila eusteko hilabetea da. Nahikoa behar luke zutik mantendu eta arnasa hartzearekin. Hala ere, badago lehen hilabetean urte osoko helburuen ehuneko handi bat jokatzen duten gremio bat: unibertsitateko ikasleak. Ni ere hortik pasatakoa naizen arren, urruti ikusten dut fakultatera joaten nintzen garaia, eta gero eta gehiago miresten ditut urte hasierarekin batera azterketaldi bati aurre egiteko gai direnak. Beraz, zorterik onena zuentzako, gazteok. Gure amama zenak horrela kantatuko luke: «…zotzak eta paluek, estudianteen kontuek. Estudiantiek sasirik sasi, asko jan eta gitxi ikesi!». Gabonetan dexente janda gaudenez, orain apurtxo bat ikastea tokatzen da. Eutsi goiari!