Terapia edota harreman bat aukeran
Garbiñe Delgado Raack - Zutabegilea
Psikologia eskolak zein terapia egiten duen profesionalak zerbait kontretuki eguten dutela edo teoria jakin batzuk aintzat hartzen dituztela esan arren, nire ustez, garrantzitsuena pertsona horrekin ezartzen den harremana da.Norbanakoan pisua ezartzen badut, esaterako, familia terapia edota terapia sistemikotik aldenduko naiz; arazoen sustraia ezagutzea bada nire helburua, horretarako hamarkadetan atzera egin behar badut ere, ostera, psikoanalisia gusturago landuko dut terapia kognitibista bat baino. Baina, edozein kasutan, bai hipnosia lantzen duen psikologo batekin topo egin zein istorio edo narrazioekin behar egitea garrantzitsutzat jotzen duen langile bat kontratatu, funtsezkoena dela iruditzen zait, besteak beste, berarekin lotzen den harremana. Askok, une honetan aliantza terapeutikoaz hitz egingo lukete, edo kontsultara doan pertsonak terapeutarekiko ezarri behar duen konfiantzaz. Soziokonstrukzionismoaren ikuspuntutik, ordea, harreman hau ondoko arrazoiengatik da berebizikoa, batzuk aipatzearren soilik: erlazio honetan sortuko denaren arabera hartuko duelako istorioak bide bat edo beste, harremanean parte hartzen duten pertsonen errealitatea honen bitartez aldatuko delako. Azken finean, etorkizuna ez dagoelako pertsonaren gaitza edo terapeutaren jakituria delakoen menpe, baizik eta, biek batera egin dezaketenaren zain.