Soziokonstrukzionismora hurbilketa posible bat
Garbiñe Delgado Raack / Zutabegilea
Emozioz beteta eta irrikaz sentitzen naiz Hitza-k zutabegile bezala parte hartzeko ematen didan aukera honekin. Hainbeste gauza partekatu nahiko nituzke, baina, aldi berean, zer eta nola partekatu arduraz erabaki nahiko nuke. Lehenik eta behin, beraz, Hitza-ri eskerrak luzatu behar dizkiot, nire bizitzan hain garrantzitsu den filosofia edo munduan egoteko era bati buruz idaztera gonbidatzeagatik: soziokonstrukzionismoa.
Nahiz eta esparru batzuetan ezagunagoa izan, hedabide nagusienek tokirik egiten ez diotela deritzot. Aldi berean, gaur egun bizi ditugun egoera asko aztertzeko eta garatzeko erabilgarria iruditzen zait, aukerak zabaltzeko. Zentzu horretan, espazio hau gaurkotasun maila handiko gaiak soziokonstrukzionismoaren ikuspegitik lantzeko erabiltzea pentsatu dut, emaitza zein izango den ondo jakin gabe… Horretarako, lehen testu honetan filosofia honen oinarriak aurkeztuko ditut, gutxi badira ere ondorio esanguratsuak baitituzte.
Lehenik eta behin, esan beharra daukat soziokonstrukzionismoa ez dela hutsean jaiotzen: duela hamarkada batzuk, globalizazioa eta bestelako gertakari sozio historikoen ondorioz, mundua ikusteko eta bertan egoteko dauden era desberdinen topo egiteari erantzun posible bat emateko asmoz garatzen da. Aniztasun horren aurrean, dagoeneko, egi objektibo edo bakarra ezagutzera behartzen gaituen helburutik aldendu egiten gara. Izan ere, ideien munduan ilustrazioak martxan jarri zuen modernitate aroaren sinesmenak eraren batean zalantzan jarri eta postmodernitateari ematen zaio hasiera.
Postmodernitateak egi bakarra eztabaidatuz zabaltzen duen aterki horren azpian, soziokontrukzionismoak errealitatea giza harremanetan eratzen dela proposatzen du. Hau da, egiatzat daukagun guztia sozialki eraikia edo adostua izan da. Horrek ez du esan nahi ezer ez dela existitzen; baizik eta existitzen dena, tradizio, komunitate, pertsona talde baten barruan horrela izatea erabaki delako existitzen da. Horrela, adibidez, zientzialarien edota erlijio bateko kideen artean egokitzat hartzen diren ezagupenak ez dira benetakoak edo gezurrezkoak, eurentzat (mundua ulertzeko, bertan era bateratu batean aritzeko, eta abarrentzako) erabilgarria baizik.
Guzti honekin, galdera aldatu egiten da: «Zein da errealitatea?» izatetik, «zeintzuk dira errealitatea era honetan ikustearen ondorioak?» izatera pasatzen da. Gainera, gizakiak eraikitzen dugun munduaren edo munduen erantzule(ago) egiten gaitu hurrengo zutabera arte utzi nahi zaituztedan galdera honekin: errealitatea harremanean eratzen badugu, zeintzuk bestelako errealitate, denontzat hobeak direnak, sortu ditzakegu?