Publikoa izatea
Gaur soziokonstrukzionismoan eta lankidetzarako praktiketan erabili ohi den kontzeptu bati buruz idatzi nahi dut: publikotasuna. Ez dauka medioetan pertsona publikoa izatearekin zer ikusirik, harremanezko prozesu batean publikoa izatearekin baizik. Harreman terapeutikoetan aplikatu ohi da, baina nire ustetan edozein motatako harremanetan kontutan hartzeko ideia izan daiteke.
Zer esan nahi du, beraz, publikoa izateak? Harremanaren garapenerako onuragarria dena partekatzearekin dago lotuta. Maiz entzun izan ditut harremanetan guztiz gardenak izatearen balioa goraipatzen duten esaldiak. Bolada batean neuk ere harremanen garapen onerako gardentasun hori ezinbestekotzat jo izan banuen ere, gaur egun publikotasun honetan sinesten dut. Beste norbaitekin dudan harremanean, ez dut burura datorkidan guztia esan edo sortarazten zaizkidan sentimendu oro azaleratu behar. Gure harremanerako zentzua eta garrantzia dituzten gauzak partekatuko ditut, batera aurrera egiteko baliagarriak diren heinean.
Horrek ez du esan nahi mingarria dena edo elkarrekin daramagun joerarekin bat ez datorrena partekatuko ez dudanik. Horrelako zerbait sortzen baldin bada, nahiz eta «nire baitan» sortu, biena dela uste baitut. Esaterako, behin lau pertsonen arteko talde lan bat burutzen geunden masterraren irakasgai baterako. Bazegoen gure artean lagun bat gauzak bere erara egitea baino ez zuena onartzen. Gainerako hirurak nahikoa bakezaleak ginen. Askotan berak esandakoak onartzen genituen garrantzia handirik eman gabe. Baina bere joerak gero eta nahigabe handiagoa sortzen zidan, eta denon artean nahigabe hori azaleratzea erabaki nuen. Taldean jarri nuen batera erabakitzeko horrekin zer egin.
Beste batzuetan ez ditut gauza positiboak partekatuko, harremanari onik ez diotelako egingo: momentu honetan ez zait ezer hobeagorik otutzen eta aurreko bilera batean gertatu zena jarriko dut adibidetzat. Lanean egiten dugun euskararen erabilerari buruz ari ginen hizketan enpresako beste ataletako kideekin. Gure zerbitzuan aurkitutako gabezia, erronka eta aukeren inguruan zentratu zen gaia. Burura etorri zitzaidan aipatzea, muga bat aurkitzen dugula kanporantz lan egiterakoan, osatzen ditugun txostenak gaztelaniaz egin behar ditugunean, hauek jasoko dituzten entitateetan euskal hiztunik ez dagoelako. Baina hori otu zitzaidanerako gaiarekin beste toki batera joanak ziren nire kideak. Esateko neukana, agian interesgarria, gehigarria izan zitekeen arren, taldeak hartutako bide berriari onura berezirik egingo ez ziola eta isiltzea erabaki nuen.
Azken finean publikotasunaren ideiak ez digu beti argituko zer partekatu «behar» dugun eta zer ez, baina irizpide bat eskaintzen digu hori erabakitzeko.