Publiko- pribatu
Azkenengo bi urte hauetan koronabirusak bete ditu prentsako orrialde eta ikus-entzunezko hedabideen ordu gehien. Une honetan denok txundituta, hitzik gabe, utzi gaituen Ukrainako Errusiaren sarraski basati eta krudelak hartu dio lekua. Europan ez da honelako egoera larririk ezagutu Munduko Bigarren Gerra bukatu zenetik. Baina hauek ez dituzte baztertu beste gai interesgarri asko. Hauen artean, publikoaren aldeko ideiak, besteak beste, ematen du atentzioa.
Egunak joan, egunak etorri, behin eta berriz agertzen da gai hau Euskal Herriko hainbat hedabideetan. Batzuek, gainera, dena publikoa izan behar duela defenditzen dute; hau da, sistema komunista ezartzea. Gaia oso konplexua da, eta etorkizunean, gizarteak zein norabide hartuko duen jakitea ezinezkoa da, baina gaur gaurkoz Euskal Herrian, nahiko garbi agertzen da gehiengoa ez dagoela sistema komunistaren alde. Dena agintarien esku uzteak diktadura zorrotzak, gupidagabeak, ezarri ditu lurralde askotan, historian, eta oraindik ere horrela jarraitzen dute leku batzuetan. Diktadura mota guztiak onartezinak dira, eta hauen artean, sistema komunistak daude.
Dena den, gaur egun, Sobiet Batasunak, teorikoki, ez dauka sistema komunistarik, baina badirudi, diktadurak zorrotz jarraitzen duela. Prentsan agertzen den bezala, Ukrainako sarraskiaren kontra daudenak ezin dute beren gaitzespena ere azaldu. Beste aldetik, lurralde horietan, eta Sobiet Batasuna bera da adibide, sistema komunistarekin, ekonomiak porrot egin zuen, eta pobretasuna, gizartean, orokorra zen. Ekonomiaren egoerak eta askatasun ezak, besteak beste, eragin zuzena izan zuten sistema politikoaren aldaketan. Komunismoaren kontra daudenen arabera, sistema honek funtzionarioak ugaritzera darama, eta, beraien ustez, gizarteak behar dituenak, funtzionarioak baino enpresa sortzaileak dira, batez ere.
Ideia hau sutsuki defenditzen zuen bere garaian Arturo Uslar Pietri venezuelatar jakintsu ospetsuak. Gutxieneko zerbitzuak, oinarrizkoak, denen esku izateak ez du eztabaidarik sortzen. Eztabaida sortzen da, zehaztean zeintzuk diren oinarrizko zerbitzuak, alde batetik, eta gizartean dauden ideia desberdinei erantzutean. Publiko eta pribatu, batak eta besteak alkar ondo konpondu beharra dute, baina non jarri behar diren bakoitzaren mugak, etengabeko buruhausteak sortzen ditu gizartean. Proposamen onenak, egokienak aukeratzea ez da lan samurra. Gaia konplexua da, eta eztabaida askotarako jokoa ematen du, eta ematen jarraituko du.