Probatu ez duenak, ez daki zer den hau!
Ekainaren hasierarekin batera bukatzen dira azken kirol denboraldiak. Azkenak diot, gehienak maiatzaren erdialdean amaitzen direlako, gutxienez gure saskibaloiko errepublika txiki baina ez hain txiki honetan.
Hogeita hamar urte betetzeko atarian nagoela bukatuko dut nire hamalaugarren denboraldia entrenatzaile modura. 16 urte nituela jaso nuen egun nire mentoretzat daukadan maisuaren deia. Koordinatzen zuen zentroan saskibaloi eskakizun handia zegoela eta entrenatzaile falta zeukala azaldu zidan. Neure burua 9 urteko neska-mutiko talde bat kudeatzeko gai ikusten ote nuen izan zen galdera, eta baiezkoa bi aldiz pentsatu gabe eman nion. Lagun handi batekin batera hartu nuen taldea… eta gaur arte. Zenbaki txikiekin erraz egiten dira kalkuluak. Bizitza erdia entrenatzen. Bi egunetik bat. Bertigoa ere ematen dit, egia esan, baina gure esaeren artean daude gustora zauden lekuetan denbora hegan joaten dela eta gogoko lekuan ez dagoela aldaparik.
Ez dut ezagutzen honetaz aberastu den inor. Ez, behintzat, gure eskualde edo inguruan. Gure ordaina jokalariak gozatzen, hazten eta ahal dela hobetzen ikustea da. Lagun harreman sendoak zein kuadrilla ederrak sortzen ere lagundu izan dugu maiz, eta hori da entrenatzaile batentzako saririk handiena. Urteak pasata zure jokalari izandakoek denbora tarte hura maitasunez gogoratzea, pasadizoak barre artean kontatzea…
Ibilbidearen bukaeran alde onak gogoratzen ditugun arren, puntu garratzek ere ohorezko leku bat hartzen dute garunean, nahita ere ezin baititugu ahaztu. Uneok merezi ditugunak baino gehiago izaten direla esatera ausartzen naiz: jokalariekin edo beraien gurasoekin haserrealdiak, lesioak, uzteak… norbere ustetan zuzen jardun arren errudun sentiarazten zaituzten egoerak, alegia. Izan ere, ez da nahikoa intentzio onenarekin jardutea, mesede egin nahian kalte egin dezakegulako.
Entrenatzaile izatea lan nekeza bezain ederra dela esatera ohituta gaude jada. Esaldiari ez nioke hizki bakar bat ere kenduko, baina zerbait gehitu ahal izango banu, zera izango litzateke: maila profesionaletik urruti gauden entrenatzaileak ez gara entrenatzaile soilak. Teoriak horretarako gaudela dion arren, praktikak gurea enpleguaniztasuna dela gogorarazten digu. Nire kasuan, psikologo, zaintzaile, prestatzaile fisiko, fisioterapeuta, txofer edota errefortzu akademikoko irakasle lanak uztartu ditut jokalari desberdinekin denboraldi desberdinak aurrera joan ahala, gehiengo esparruetan beharrezko formakuntza ez daukadalarik.
Burua eta gorputza bake eske hasten dira denboraldi bakoitzeko azkenengo txanpan. Gehien gustatzen zaigun gauzetatik ere deskonektatu beharra dago erretzea eta nazkatzea saihesteko. Hala eta guztiz ere, jakin badakit konturatu orduko martxan egongo garela berriro, entrenatzeko «monoa» gorila bilakatzen baita aitaren batean.
Pentsamendu eta hausnarketak paper batean idazteak mesede egiten dit lantzean behin. Onak eta txarrak balantzan jarri eta alde bakoitza aztertzea gustatzen zait. Zer suposatzen du? Zein onura eta galdera dakartza? Dena dela, alde positiboak negatiboak baino pisu handiagoa duen artean, honek pena mereziko du. Ba al dakizue zergatik? Probatu ez duenak, ez dakielako zer den hau.