Poz atsegina
Gabon! Hala!, hamen zeintzuk dagozan, ezagutzen zaituet, bai horixe, arin-arinka goiko pareta noiz behera botako dabilzan futbolistak, ez ala?». «Bai, bai… kanta ala erreza?». «Ez dakit ba… bromea da eta, kanta, kanta ardura barik, eta eragin panderoari! Hator hator mutil eetxera, gaztaina zimelak jaatera»….
Gabonak ailegatzean denok halako poztasun bat sentiduten dogu barnean, beste barik, ze gutako bakoitzarentzat esanahi pertsonala daukie, isilune batek izan leikean gogoetaz, edo begirada batek bultzatzen gaituen pentsamentuagaz, Gabonak be gureak diren akorduetara eroaten gaitue. Horregatik bakoitzak bizi dogun bizitzako momentuaren arabera sentiduten doguz, eta askok ez dabez gustoko, ze tristurak barrua hartzen deutse ez dagoezanekin akordatzean edo familiako zeozein gaixo badaukie. Halan da be, Gabonetako kontsumismo, errito eta festen gainetik lasaitasunez eta atseginez bizi nahi izateko barne gogoeta horregaz geratzen naz.
-«Gabon gaaua ospatutzeeko aitaren ta amaren onduan»… «Hipolito, zein dabil hor gabon kantak kantaten?». «Goiko pisoko umeak propina eske!». «Apartea ailegatu dira, holakorik… Ez da erraza atez ate ibiltzea! Pasa barrure, horreek konpota usaine hartu dabe eta!».
Eguberrietan geure buruari zoriontasunaren ganean, bizi dogun momentoaz edo nahiko gendukean egonkortasunaren inguruan egindako galderei izan leike erantzunik ez emotea, eta barkadade sentimenduan baino ez sakontzea. Triste egoteko arrazoiak badira be, erruak, damuak eta ezinak hobetzeko asmoaren eragina sentiduten dogu. Itsaso apartera behatzerakoan txiki sentiduten garen legetxe, gutako bakoitza berezia eta bakarra dala jakinda, gugan sinestu eta barruko bakea izateko jaioak gara. Bizitzaren enbaten aurrean, danok barne atseginean eta lagun hurkoaren alkartasunean bizitzeko eskubidea dogu, bizi eta laga bizitzen!
Gabonetako gogoetetan izan eta direnen akordua neureganatzen dot eta eurek niganako daben zoriontasun nahia be jasoten dot, urte guztian lez. Ziur etxe askotan gaixoen ezina, haserretuen ezinikusiaren mina, apartekoen hutsunea edo kartzelan dagozenen samina dabela gogoan, eurekin konpartitu nahiko neuke eguberri hauetako momento hau, jakin dagien ez dagozala bakarrik. Zeuri be, irakurle, gogoetan atsegin aurki dagizula opa deutsut, orain Eguberrietan lez beti.
-«Txo enpatxako zara lagune…». «Laga eizuz disfrutaten…». «Polboroi guztiak ahoan ia zelan kantaten daben….». «Eraman txarrekoa zara gero eh!». «Hala mutilak!, danok batera kantatu behar dogu eta: … Eragiok mutil aurreko tanbolinari… gaztainak erre artian… gaztainak erre artian… txipli txapla pum… Gabon gaba pozik igaro daigun».