Patatak
Gabonak eta gero, endemikoa bilakatu den gaitz horren sukarrak jota bota ditut urteko lehen egunak. Lanak eta umeen martxak sortutako errutinari heldu behar izan naiz hamabost honetatik airoso irteteko. Nuena gutxi balitz, hileroko gaia lantzeko konpromisoa nuen. Ideien faltan nengoen ordea. Arazoa. Eta horra non, beti bezala, belarriak zein begiak prest izaten saiatzen den honek, asteleheneroko etxe bueltako erosketen martxa horretan, galiziar azentuz «no tengo recuerdo de la ultima vez que compre patatas» esan duen adineko andre batekin topo egin duela. Sinestezina. Gezurra. Hizketarako gogoa. Edo egia? Euskaldun petoenaren antzera, esandakoak benetan harritu banau ere, ez diot ezer galdetu eta joan egin naiz. Halere, erosketekin etxera bueltan nindoala, mila eta bat istorio ezberdin jorratu ditut nire buruan.
Lehentasunezko elikagaia izanik. Otsaila-apirila bitartean erein eta abuztutik urrira batzen den produktua denez. Hauek bere onenean mantentzeko, sabai ilun eta hotz bat izango du andre honek. Gainera, hartu eta ordaintzea hain erosoa izanda, salerosketa zirkuitutik urrun biziko da. Lekutuko herri batetan. Fruitu eta barazkien furgoneta astero edo arraina zein okela daraman isotermoa hamabostean behin irizten den herrixkan. Mendian. Galduta. Ekonomi hazkunde etengabe horren esloganetik at. Familia, auzoak benetako garrantzia duen tokian. Elkarlana, faboreak, besteen mesedetan egitea gurean baino sarriago ikusten den eremuan. Lurrak, urak eta eguzkiak ezarritako erritmo armonikoan mugitzen den parajean. Bakardadea bakearekin bateratu eta poztasun endemikoan bizi den zibilizazioan. Ikuspuntuen arabera, paradisuan edo infernuan.
Halere, bat zein beste, badira desagertzeko arriskuan dagoen mundu horretatik ikasi beharrekoak. Eta horretan gaude baten batzuk. Esentzia hori hartu eta gure umeen jantokietan lurrin eder zein berezi hori zabaltzen. Boteretsuen ustez, hazkunde ekonomikoa, ongizatea, oparotasuna dakartzaten enpresa horren martxa etengabea oztopatzen. Gure hitzetan berriz, gure lurra zaintzen, baserritarrak berrezkuratzen, ekoizle, saltzaile eta bezeroen arteko sarea sendotzen. Ingurugiroari mesede egiten. Umeak hezten.
Elkarlana nahita nahiezko duen proiektu eder bat sortzen. Galiziar, euskal zein beste herri bateko azentuz hitzegiten duten nekazari, abeltzain eta arrantzale fin horien eredua erein, ureztatu, errotu eta hazten. Eta bukatzeko, zoritxarrez, ingurugiroa eta gure umeen osasunaz arduratu behar lukeen Gobernutik ordagoa jasotzen. Jantokien kudeaketa osoa guraso elkarteek bereganatu edo bere horretan jarraitu. Ekonomia, hazkundea, makroenpresak edo gu. Eskola eta guraso elkarteen artean eraikitako alternatiba arraskatatsu hori likidatuz. Zorionez, egunero dugu hitzegiteko, borrokatzeko parada. Maiatzean bozkatzeko aukera. Ez hutsik egin. Haiek edo gu.