Paradigma berria
Nola ez, gaitzaren iraupenak markatu du gure bidea. Luzera badoa, derrigorrean, nor garen berrasmatu beharko dugu. Daramagun martxa frenetikoa moteldu beharko da. Bakardadea, barne bakea, familia, efizientzia, osasuna edo natura izango dira eguneroko jana.
Urteetan saldu diguten mundu idilikoaren etenak bat-batean harrapatu gaitu. Heziak izan ez ginen hori egitera behartu gaituzte. Ez airerik ezta erregairik. Karburagailua lotu da. Birikiak astintzen dituen gaitz pandemikoak globoaren bihotz arnasetako gelditua ekarri du. Mantentzen gaituen txanpon makina suntsitu delarik. Gainera, ezbeharra gutxi balitz, momentuz ez dago salbatuko gaituen erremediorik. Eta orain zer? Nora, nola, noiz?
XX. mendean beldurra ezarri zuten botere totalitarioek mundu demokratikoagotzat irudikatzen zen beste bati eman zioten paso. Aro berri horretan, denek zuten amestutako bizimodu hori garatzeko aukera. Ilusioak, ideiak errealitate bihurtzeko unea heldu zen. Urteak joan ahala, bide oparoa izan zuten askok merkatu librearen autoritarismoa martxan jarri zuten. Horrela, konturatu gabe, pertsona bihotzgabe batzuen diktaduran bizitzetik ekonomia eta hazkunde etengabearen menpe izaterako trantsizioa egin genuen.
Globalizazioa edo kontsumismoa. Tankera honetako hitzak gailendu ziren gugana iritsi den planetan. Baliteke, aurrerantzean ere, presentzia esanguratsu bat jarraitzen izatea. Baina, zoritxarrez edo zorionez, konfinamenduko hiru hile luze hauetan beste garai bateko aginduak, zigorrak eta bizi ohiturak ikusi dira. Lehen biek ez dute garapenik izango. Lehen munduan behintzat, demokrazia errotuta baitago. Aipatutako azkenak, berriz, zein etorkizun izango du?
Nola ez, gaitzaren iraupenak markatu du gure bidea. Luzera badoa, derrigorrean, nor garen berrasmatu beharko dugu. Daramagun martxa frenetikoa moteldu beharko da. Bakardadea, barne bakea, familia, efizientzia, osasuna edo natura izango dira eguneroko jana. Gauza gutxi bezain garrantzitsuak ondo, burubelarri eta arduratsu jorratzeak eramango gaitu bizipoza non den aurkitzera. Gu geu eta gureak, eremua barne, hobeto ezagutu, barneratu eta biziki gozatzera. Tupperraren zikloa behingoz baztertu eta mahai bueltako giro berora bueltatzera. Benetan zaila badirudi ere, pultsazioak kontrolpean izateko, planetarekin bat dantza egiten ikasi beharko dugu.
Azken finean, hori baita birus zital hau suntsitzeko era. Bihotzeko frekuentzia minimora eraman, arnasketa sakonak batu eta distantzia, maskara zein eskularruak erabili ordez mundu idilikoa deitzen dan hori, lasaiago bizitzearekin bat datorrela onartzea.
Zaindu!