Otsailean jai
Bukatzen dabilen hilabete honek aurten egun bat gehiago duela ohartu nintzen lehengoan. Lurraren errotazioarengatik urtero egunaren laurden bat lapurtzen digutela omen da kontua, urtean 6 ordu. Beraz, lau urterik behin egun bat dator opari egutegira.
Zalantzati agertu naiz urteko bigarren hilabetea izendatzeko momentuan, ez bainago seguru zein den deitura egokiena. Badakit bizkaieraz zezeila esaten zaiola eta “zezen hilea” esan nahi duela, baina egutegiren batean baino ez dut ikusi horrelako izenez. Ez naiz zezenzalea baina antolatzeko daukadan gaitasun eskasa dela eta, maiz harrapatzen nau.
Otsaila da izenik erabiliena dudarik gabe, eta otsoen hila omen du esanahia. Ikerketa batek dozena bat otso identifikatu zituen iaz euskadin baina badaude bi hanka dituzten otsoak, baita emozio edo oroitzapen forma dutenak ere. Haurtzaroan gehiago ikusten eta sentitzen diren arren, helduok ere baditugu gureak, askotan gutxien espero ditugunean agertzen direnak.
“Hilaren bosta Santa Ageda, hilak bi Kandelario, santuen kalendario…” kantatu zuen Amets Arzallusek 2005eko bertsolari txapelketa nagusian. Ez zaio arrazoirik falta Hendaiarrari, santu, jai ta ospakizunez lepo datorren hilabetea baita. Zitan aipatzen diren bi daten artean SanBlasak daude, nagusiki Abadiñon ospatzen direnak (baita Busturiko Axpe auzoan ere!) ostean inauterieri bide emateko.
Inauteri egunak urterik urte aldatu egiten dira aste santuaren arabera. Aratuste igandearen aurrekoan, “Basatuste” tokatzen da eta hurbileko baso edo mendiren batera otordutxo bat egiten joatean datza. Horretarako, bakoitzak etxetik ekarritako txorizo/urdai zati bat palu zorroztu baten jarri eta sua piztuta bertan erretzen da, ostean elkarrekin jateko. Bestetik, aratuste aurreko eguenari, Eguen zuri esaten zaio eta etxez etxe kantari ibiltzen ohi ziren gure aurreko belaunaldiak, mozorrotuta sarritan. “Eguen zuri honetan, hasi gara gu kantetan…”.
Egun horien ostean datoz denok begiz jota ditugun inauteriak eta urte luzeetan mantenduko direnak, jendeen buru eta barrenetan ondo iltzatuta geratu direlako. Mozorroa eta parranda. Aipamen txiki bat Mundakako Aratusteei. Pertsonalki, Atorrak eta Lamiak sasoi honetako ohituretan ederrenetarikoak iruditzen zaizkidalako, ederrenak ez badira. “Mundakarrentzat egun hobarik ez”, ezta inguruko askorentzako ere.
Hala ere, nire hausnarketa hilabete hasieratik eduki ditugun eta galtzen dabiltzan ospakizun zein ohitura txiki horieri bideratuta doa. Asko galdu dira dagoeneko eta, mantendu ditzagun geratzen diren apurrak. Ahalegina egin dezagun behintzat.