Orbanak udan
Amaitzear dugun udak askotarako eman du. Orri hauetara denak ekartzea ezinezkoa dela jakitun, hona zertzelada batzuk. Bero zapa eta zeru goibelak tartekatu dira; jokuak eta festak. Gerrek bere horretan jarraitu dute interes zikoitzek xaxatuta. Pablo Gonzalez libre dago (libreago izango da Euskal Herrira itzultzen denean). Bien bitartean, Europatik orban bat hedatuz joan da. Europako presidentea den Victor Orban hungariarra diplomazia lanetan ibili zaigu, bide batez homofobiaren eta xenofobiaren orbana harrotasunez barreiatuz. Lehendik ere faxismoaren pinportez josia duen Europaren gorputzari, orain orbana atera zaio; eta ez da nolanahikoa. Hedatzen ari den orbana da, zoritxarrez, eta itxura txarra du ubel ustelduaren antza hartzen ari da-eta. Demokraziak (bere inperfekzioa onartuta) ezartzen dituen arauekiko intolerantziaren seinalea da orbana.
Europak orban horri aurre egiteko aukera ederra galdu du Parisen, «Argiaren hirian» jokatu diren Olinpiar Jokoekin. Arrazoiaren argitasuna piztu zen lurraldean orbana nagusitu da, interes geopolitikoek aurre hartu baitiote jokuen baloreei. Hipokresiaren orbanak ilundutako Olinpiar Jokoak izan dira. Jakin badakigu bertara heldu ahal izateko zelakoak diren atletek egin behar dituzten ahaleginak; zelakoa herri baten ordezkari izatearen zama.
Kirola, kultura eta hezkuntza lotuz, gizateriaren mesederako sortu omen ziren jokoak. Baina, nola aldatzen diren gauzak irakurle. Uda honetan Olinpiar komiteak «olinpikoki» pasa ditu hankartetik olinpiaden balore fundazionalak: bikaintasuna, adiskidetasuna eta errespetua. Arestian aipatu bezala, geopolitika gailendu da eta hankaz gora utzi ditu balore eta printzipio etikoak, hau da: errespetua, justizia, erantzukizuna, zintzotasuna eta askatasuna. Mendebaldeko bulegoetako azpijokoek erabaki dute, ez atleten merezimenduak, nork parte hartuko duen eta nork ez. Gauzak horrela Errusia jokoetatik kanpo geratu da, eta Israel, estatu genozida, barruan. Orban ikagarria olinpismoaren historian.
Bestelakoak izan dira, ostera, udaro Gernikako Pasilekun herritarren arreta deitu duten jokoak. Horien artean Fenomenoak taldeak jokatu zuen saski partidua, hain zuzen ere. Gizarteak egunerokotasunean aitortzen ez dien gaitasun berezia erakutsi zuten jokalariek. Kirolaren bidez inklusibitatea plazaratzeko eta baloratzeko parada ederra izan zen partidu lehiatu eta alai hura. Denok garaile izan ginen partidua, bai jokalariak bai ikusleak. Eta justizia egiten orri hauetako kolaboratzaile den Mikelo. Orbanik gabeko epaile olinpikoa.