Ohore birraitxitxari: Jose Zarate Aretxabala
Gaurkoan, galdu genuen birraitxitxari ohore egiteko beharrak bultzatuta, neurri handi batean pertsonala den kontu baterako erabiliko dut HITZAk sei astean behin eskaintzen didan territorio libre hau. Bihotzetik paperera zuzenean.
Olatz eta biok Elvi Sesma Zabalaren eta Alberto Zarate Garciaren seme-alabak gara. Aitaren partetik Jose Zarate Ciancas genuen aitxitxa eta Jose Zarate Aretxabala birraitxitxa. Birraitxitxaren istorioa duela gutxi ezagutu genuen, Euskal Herriko beste familia askotan bezala minak eta beldurrak mutu utzi zituen gure aurrekoak. Zutabea idaztea kosta egin zait, baina Jose Zarate Aretxabalak bezala zapaltzaileen aurka borrokatu zuten gudariek emandako indarra eta harrotasuna baliatu ditut bertigoari aurre egiteko.
Birraitxitxaren bizitzako bi ardatzak Bilboko ‘Arino Panadero’ okindegiak eta familia izan ziren. 1937ko apirilaren 3an Euskadiko Partido Komunistaren «Salsa-mendi» batailoiaren teniente gisa Otxandiorantz abiatu zen, okindegia eta familia Bilbon utzita. Faxistak euskal lurra bereganatzen ari ziren, eta urgentea zen ahalik eta bizkorren Oketa mendiko (Gorbeia Txiki) frontea indartzea. Hurrengo eguneko eguerdi partean faxistek gupidarik gabe ehundaka gudari hil zituzten, gerra zibileko erasorik bortitzenetakoan. Gure birraitxitxa Jose tiroz hil zuten (aitari entzunda diot tiroz zaurituta zegoela bere buruari tiro egin ziola), eta oraindik ez dakigun bide-ertz edo fosa-ren batean daude bere hezurrak. Birramumari frankistek dena kendu zioten: okindegia, etxea eta hainbeste maite zuen birraitxitxa.
Nirea bezalako min pertsonalak gainditzeko eta Euskal Herrian elkarbizitza sendoa lortzeko memoria lantzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Gorrototik zenbat eta urrunago kokatu errazagoa izango baita Euskal Herri Euskalduna, Feminista, Anitza, Sozialista, Independentea eta Librea eraikitzea. Hala ere, korapiloak ez dira bakarrik iraganekoak. Ea albait arinen bertan behera gelditzen den euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia, mendekuan oinarrituta baitago. Era berean, izugarri tristetu ninduen aurreko astean Fernando Buesa eta Jorge Diezen monolitoak jasandako erasoak. Besarkada bidali nahi diet Buesa eta Diezen familia eta hurbilekoei. Bihotzak diost irmoki gaitzetsi behar ditugula horrelako erasoak.
Dagoen lekuan dagoela gugatik egin zuena eskertu nahiko nioke Jose birraitxitxari. Merezitako omenaldi txikia lerro hauen bitartez bideratu nahiko nioke. Nire arreba Olatzek bezala, lehengusu-lehengusina guztiek eta beren seme-alabek jakin dezatela gure etxea, gure hizkuntza, gure kultura, gure bizitza lapurtu nahi izan zigutenen aurka borrokatu zuela birraitxitxak, bizia galdu arte. Jon Maia Soriaren baimenarekin eta bere esaldia apur bat moldatuz, zera esango nuke: gure birramumak ez zekien euskaraz baina bazekien Federico Garcia Lorca hil zuten berdinek hil zutela birraitxita eta Lauaxeta (Urkiaga abizena ere soinean daramagu amaren partetik).
Izan zirelako gara eta garelako izango dira.