Non geratzen da hezkuntza artistikoa?
Jakina da azken hamarkadan hezkuntza legeari dagokionez izan ditugun aldaketak anitzak izan direla. Hala ere, erreforma hauek nabari nabarian utzi dute gero eta argiagoa den errealitate bat; ezagutza arloen banaketa kurrikularrean desberdintasun esanguratsuak ageri dira. Hezkuntza sistema ezagutza basikoetan eusten den arren, eskola eta kurrikuluaren antolakuntzan matematikak edo arlo linguistikoek pisu gehiago dute ikasgeletan.
Hau horrela, hezkuntza artistikoa eskolaz kanpoko ekintzetan landu eta ikasteko uzten da, eta honek pertzepzio orokor batera eramaten gaitu: esperientzia atsegin bezala kontsideratzen jarraitzen da, dibertigarria ere, batzuetan interesgarria, baina inoiz ez da ezagutza erabilgarritzat hartzen. Hezkuntza artistikoa hezkuntza formaletik kanpo kokatzeak, zuzenki hau gutxiestea ekartzen du, eta ez da arteak pentsamendu kritikoaren ikaskuntzan izan dezakeen potentziala baloratzen.
Bizi garen gizarte gero eta mediatizatu eta kontsumista honetan, premiazkotzat jotzen dugu ikus-entzunezko alfabetizazio kritiko bat. Hezkuntza artistikoaz hitz egiten dugunean, automatikoki asko eta askori manualitateak datozkio burura, baina hortik haratago doa. Haurrek, eta ez hain haurrek, etengabe jasotzen ditugu mota ezberdinetako irudi eta outputak eta hauek identifikatu, ezagutu eta ondorioz modu kontziente batean maneiatzea garrantzitsua da. Ezinbestekoa da guretzat hezten gabiltzan gizarte honi beharrezkoak diren baliabide kritikoak eskaintzea, eta hau arlo artistikoari hezkuntza formalean dagokion lekua emanda lor daiteke.