Nerabezaroa
Hamabost egun izan daiteke oporraldi bat, 15 egun izan daiteke itxaronaldi bat, 15 egun izan daiteke bizitza bat, 15 egun izan daiteke gaixoaldi bat. Hasi eta buka. Halaxe, 15 egunez egingo dugu Euskaraldia 15 bat egun barru.
15 urteko nerabe bat iruditzen zait sarri euskara. Inoiz ez heldutasuna lortzeko bezain zahar, etapa batean kateatuta, konplexuz betea, beti lagun bila, drama askorekin, fresko, nor den jakin nahian, festak asmatuz, identitatea eraikiz, moldatuz, aldatuz, baimen eske.
Hegemonikoa ez dena, kupoa izaten da, kuota. 15 gizon eta bi emakume argazkian, lesbiana bat telesailean, buruan zapia daraman emakume bat oholtzan, euskaraz prentsaurrekoko lehen esaldia. Bestela, dena bikoiztea izaten da aterabidea. Elebitan kartelak, prentsaurrekoak, emailak, bilerak. Dena bitan, behin eta berriz. Euskaraz eta gaztelaniaz. Euskaraz bitan bizi garenaren sentsazioa daukat sarri, eta, hala ez denean, erraztasunaren eta jende gehiagorengana iristearen aitzakia pean, beti goaz erderetara: jende gehiagok irakur dezan gaztelaniazko egunkarira; bilera azkar egin nahi dugunez, gaztelaniaz; idatzi hau garrantzitsua denez, gaztelaniaz; gatazkak ekiditeko eta inor kanpo sentitu ez dadin, gaztelaniaz. Hegemonietan ez bezala, hautu bat (eta gatazka bat) da hizkuntza gutxituetan aritzea. Aurrean ezezagun bat duzun bakoitzean estres linguistikoak jota ibiltzea, lehen hitza euskaraz edo erdaraz esan edo idatzi ezin asmatu aritzea.
Behar ditugu Euskaraldiak entrenamendu gisara, behar ditugu txapak eta txapak hizkuntza ohiturak aldatzeko. Behar ditugu pedagogia, baliabideak, dirua, ekintza positiboa, ikasteko eta erabiltzeko erraztasuna… baina batez ere, behar ditugu legeak eta bermeak. Pentsatu beharko dugu nola egin, adostasunak lortu, hizkuntza-eskaerak aztertu eta marra gorriak eta gutxiengoak ezarri. Baina kontuz eduki behar dugu hizkuntza dominantea, hegemonikoa, handia, indartsua, jeneralista, DENOK ulertzeko eta hitz egiteko gai garena, hemen bizitzeko eta lan egiteko DERRIGORREZ jakin eta erabili behar dugun hizkuntza BAKARRA (hau da, gure kasuan gaztelania) zapaldu gisa aurkeztu nahi diguten diskurtsoekin.
Heldutasunak berekin dakar norma, nagusitasuna eta boterea; baina nerabezaroak baditu bere alde onak: arriskatzeko gogoa eta indarra, galtzeko beldur gutxi, ausardia, eta, bizi oso bat aurretik.
15 egun ditugu orain, baina askoz gehiago egingo ditugu, gehiagorekin eta gehiagotan.