Nekazarien Eguna
Joan da. Aurten, bigarren aldiz, triste xamar joan da Nekazarien Eguna. San Isidro delakoaren eguna. Gure herrian baserritar gutxi, gero eta gutxiago gauden arren, bertoko patroia da.
Beste hainbat herritan ere mozarabetar honen jaia ospatzen da. Nekazari eta artista, esango nuke. Bera Santua, bere emaztea Santua (Santa Maria de la Cabeza) eta bere semea Santua ere (San Illan). Tira, famili berean hiru santu egoteko artista batzuk izan behar zuten hirurek. Edo beste artista batzuk bezala, famili berean Errege aita, Erregina ama, Errege semea… familien karta jokoa ematen du: aita bantu, ama bantu, seme bantu…
Madrileko patroia ere bada, non handiagoa izan arren, Ajangizen baino baserritar gutxiago daude eta San Isidrok bere lurrak erabiltzen zituen idiak, plazatorosean hiltzen dituzten zezenak bilakatu dituzte.
Madrileko patroi eta antzaz Madrilen bertan mirariak egiten jarraitzen du. Bere sasoian, Isidro nekazariak otoi egiten zuen bitartean idiek beraiek bakarrik lantzen omen zizkioten lurrak. Portzierto, lur horiek ez ziren bereak, jabe bat zuten, Juan de Vargas zaldun militarra, zeini Isidrok leialtasun eta obedientzia zor zizkion. Hori bai, kontratu «libre» baten bitartez. Tira, 1.000 urtetan ez dira hainbeste aldatu gauzak, oraingo enpresariek ere kontratu «libreak» egin nahi dituzte banaka langileekin.
Mirariak mirari, baina, Madrilen jarraitzen dute mirariek. Oraingoan idiak lurrak bakarrik landu ez (talde batek zioen bezala, bajo el asfalto esta la huerta), baizik eta hainbat «ezkertiar» ezagun, botoa eskumari eman diotela onartzen eta goraipatzen.
Ikusia genuen orain baino lehenago langile xumeak esplotatzen dituen patroiari botoa libreki ematen, baina ezkertiarrak eskumari botoa emanez… Tira, errepublikarrak izan baina onena beste hura mantetzea dela diotenak bezalaxe, hau da, Emerito bantu eta konpainia.
Datorren urteko Nekazarion Eguna jai giroan eta alaitasun gehiagoz ospatuko dugunaren itxaropenez eta hilabete lehenago, apirilaren 17an, Nekazari Borroken Nazioarteko Eguna dela ahaztu barik.