Natxi Aranburu: Urtero lez, «berdela dator portura»
Noizbait izan behar zuen, eta aste honetan berdela sartu ei da, lehenengoz, gure portuetara aurten. Baxurako ontziek, beraz, eman diote hasiera urteko errutinari: berdela, bokarta, atuna… Geldi egon dira hiru hilabetez, eta berriro gure -gurea den itsasora ailegatu dira. Ondarroan eman diotela berdel salmentari estreinaldia entzun edo irakurri izan dugu. Bai polita ere arrantzaleen porturatzea, batez ere arrantzaldi ona izan badute marinelek.
Badira, hala ere, lehortarrok ongi ulertzen ez ditugun kontu batzuk lehen sektoreko jarduera askotan, euskaldunon lurrean. Zer dela eta ez daki arrain harrapatzaileak itsasoari kendutako horrek ze prezio egingo dion harik eta lonjan sartu eta gero markagailu elektronikoaren abiada erosleren batek gerarazten duen arte? Adibidez, arrantzale bera, okindegira edo bestelako hainbat janari edo oinarrizko zenbait erosgai eskuratzera doanean merkatu edo dendaren batera, zer kobratuko dioten badaki gutxi gorabehera.
Beste hainbeste gertatzen zaio baserritarrari ortuariekin edo etxean hazitako txahalarekin, tratuan hasi beharko du prezioa markatzen eta ikusi egin behar. Ez al da kezkagarria eta aldatu beharrekoa egoera mingarri hau? Zerk egiten du berdela txitxarroa baino merkeago egitea edo atuna bi hauek baino garestiago? Eta bereziki batetik besterako alde nabarmenak? Merkatuaren legeek, esango digute. Baina nork asmatu ditu lege horiek, edo zeinek aukeratu du «merkatu» hori? Edo nortzuk eman diote lizentzia ikusezin den ente horri arrain batetik besterako salneurria ezberdina izan dadin? Eta desberdina izan behar bada, zeren arabera izan behar dira alde horiek? Edo zergatik Gabon inguruan, arrainaren prezioak gora egin behar duen, zein parlamento demokratikotan erabakitzen duten, ze konstituziogile burutsuek diseinatu duten noragabeko legedi hau… Nork demonio azaldu behar digu!
Itzela da gero oinarrizko jakien bila doana, jaki horren buelta kudeaketan aritzen dena baino egoera kaxkarragoan bizibeharra! Merkatua baldin bada guzti horren eragilea, aldatu egin beharko da, ze bere onean dagoen inork ezin du defendatu, sano dagoenik halako gorabeherak dituenean eta begibistako injustiziak sortzen dituenean.
Urteroko kanpainari eman zaio hasikera, eta urtero lez, berdela jaki sanoa, freskoa eta ezer bada, jangarria delaren propagandak egingo dizkigute, eta urtero lez marinelek boga egingo dute beraiek harrapatzen duten produktu sano, fresko eta jangarri hori herritargoaren osasunaz baino euren irabazpideak potolotzeko ardura handiagoz jokatzen duen kapitalaren txistu soinuek maneiatzen gaituzten bitartean. Eta horregatik salduko da lonjan 60 zentimotan (?); berdela edo bokartak prezio miserablea izango du (ez balitz, hobe!) eta atuna batek jakin ze preziotan saldu beharko duten. Urtero lez (!), merkatu lotsagabe hori hankaz gora bidean jartzeko erabakia eta bitartekoak ez baditugu asmatzen.