Pal-palean dago arraun mundua. Irailean finikitatuta dituzte talde desberdinek euren itsasoko zereginek; gure eskualdean badira batzuk! Iraila uzta garaia izaten da nekazal garaian eta arraun elkarteentzat ere halatsu dela esan genezake. Ganbaran ez baina aparteko armairuetan gorde dituzte denboraldiak eman dizkieten garaikurrak, irabazitako –eta ondo merezitako– diruak banatu egingo dituzte, atseden hartuko dute bai arraunlariek eta baita beste enparauak ere, lanabesak ondo gordeko dituzte berez-berez etorriko da hurrengo denboraldia ere ate eta. Aldaketaren bat edo beste egin, egin dute iada, baina orokorrean pal-palaren hilabeteetan sartuta dago arraun mundua gurean ere.
Balantzea egiteko orduan, hainbat arraun jardunaldi izan ditugu hasi Mutrikutik eta Bermeora; ehunka izango dira herri-kirol honetan trebatzen diren gazteak eta ez horren gazteak, jarraitzaleak ugari dira. Arraun talde boteretsuak eta helburu xumeagoak izanik, boteretsuenen pareko duintasun eta mirespen bera merezi duenik ere bai. Izan ere gure eskualdeotan –hitzaren eskualdeotan– denetarik izan dugu, Kontxaren glamurraren ezti zaporea miazkatu eta dastatu eta Olinpoarekin amets egin ez ezik bertaraino igo da Bermeoko Urdaibai. Horrrela –eta denboraldiko gainontzeko bandera guztiekin– aurtengo denboraldia ere gailurrean amaitu du; hurrengoaren esperoan mailari eustea ez dela nahikoa eretxita jauzi handiagoren bat eman nahi dueneik ere badugu/baditugu, kontixu; orain artekoari eustea nahiko dela usteko duenik ez da faltako eta, lastima! 2016an lehiatzeko mailaz jaitsi ondoren lasai hartu, hauspoa bete eta beste urte betez «eutsi goiari» aldarrikatuz gogotsu ekingo dionik ere bada. Hala uste dugu, behintzat.
Eta une batez pentsatzen jarririk ez da gero erraza Elantxobe bezalako herri txiki baten halako proeiktu handi bati, traineru talde bikain bati hain zuzen ere, denboraldiz denboraldi arnasa ematea! Mailaz jaitsi arren, zorionak arraunlariei, entrenatzaileei eta taldea osatzeko etenak egin eta gero, egunero egunero uretara dzanga eta gure kulturari eta kirolari bizia, ospea eta iraupena emateagatik lan egiten eta egingo duzuenoi. Ikaragarrizko balentria gure kostaldeko herri txikienean garatzen ari dena. Mirari bat ia-ia, hauek existitzen direla egia bada. Ohituta gaude eta normaltzat hartzen ditugu nolabaiteko botere soziologikoa, ekonomikoa, logistikoa… dutenei txalo egiten garaikurrak aldiro-aldiro eskuratzen dituztenean, baina arraun proiektu bat garatzeko gazte bila etxerik etxe, aterik ate, herririk herri, kirol disziplinatu eta sari gutxiko –ezezeraren pareko esan beharko litzateke– apostua egiten denean, hor beste zerbait ere badago. Orain urteak –hogeitapiko joan dira– herriko eta inguruko gazteei beste aukera bat zabaltzearena aipatzen zen, baina hori aspaldi izan zen. Bada, zerbait gehiago eta handiagoa elantxobetarron buruan eta bihotzean; zalantzarik barik: Herri proiektua eta honekiko kudeatzaile sutsu batzuen etengabeko lana, ilusioa eta buru argia.
Seguru gaude, datorren kanpainan berriro ere Elantxobeko trainerua brankaz ikusiko dugula Kantauri itsasoan; izan ere herri txiki, proiektu handi baten eredu baizarete zuok.