NAIZENeri BIHOTZEZ
Duela pare bat aste Naizen Elkarteak deitutako ekitaldi bat aurkezteko aukera izan nuen Etxarrin, Nafarroan. Naizen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen familiak biltzen dituen elkartea da. Eta bere helburu nagusia transexual adingabeen familiei laguntza eta orientazioa ematea da. Izan ere, adingabeko transexualen eta haien familien errealitatea ikusarazteko lan handia egiten du.
Ekitaldian bertan sariak banatu ziren, Naizen elkartearekin lan egin eta egiten duten jendeari nolabait eskerrak emateko. Tartean, 20.000 Especies de Abejas filmea saritu nahi izan zuten. Eta benetan merezitako saria!
Hainbeste oiartzun izan duen eta hainbat sari jaso dituen Esti Urresola zuzendariaren filmak, Naizen elkartearekin zuzen-zuzenean egin zuen lan, pelikula hori egin ahal izateko. Izan ere, Ekai ume ondarrutarrak sufritzen ari zen egoeragatik bere buruaz beste egin zuela jakitean, Urresolak zerbait egin behar zuela pentsatu zuen gizarteari dagoen arazoa azaltzeko.
Orduan, Naizeneko familien esperientziak jaso zituen, ume horiek eta beraien familiek egunerokotasunean bizi duten ehunka bizipen, oso gogorrak gehienak, eta ederrak beste hainbat. Guzti horiek bildu eta idatzi zuen 20.000 Especies de Abejas filmaren gidoia. Ziur nago, familia bat baino gehiago oso identifikatuta sentitu dela pelikula ikustean. Ze beharrezkoa izan den pelikula hori, bizi dugun errealitatea erakusteko! Askori begiak zabaltzeko!
Bestalde, Naizen elkarteko guraso bat omendu nahi izan zuen elkarteak. Ezustekoan harrapatu zuen Roberto Itoiz, sari honek. Asko hunkitu zen, baina are gehiago hunkitu gintuen berak gu. Ni neu behintzat, negar malkoz beteta egon nintzen bere esperientzia kontatzen zuen bitartean. Nola aita bat, alaba ezeztatzetik, alabaren bidelagun handiena izatera bihurtu den. Errealitatea nola zen ulertu zuenean konturatu zen alaba zeukala, beti alaba izan zuela. Orain ere, hauxa idazten eta negar malkoak erortzen zaizkit… Ze une gogorrak pasatu behar izaten dituzten familiek, baina gehien bat ume horiek, txiki-txikitatik, beraien errealitatea ulertzen ez duen gizarte batean jaio direlako. Zenbat daukagu aldatzeko, zenbat ikasteko!
Ekitaldi hartan bizi izandakoa zoragarria izan zen. Hainbeste familia bertan ikustea, guraso, seme-alabak, eta denen artean familia bat osatzen dutela ikusteak izugarri hunkitu ninduen. Bakoitzak bere hondar alea jartzen du guztien hobe beharrerako. Izugarria zen bertan sentitu nuen indarra, gogoa, esperantza, ilusioa, grina, emozioa, goxotasuna eta gehien bat, maitasuna. Horixe transmititzen zidaten han aurkitu nituen ume eta nerabeen begirada eder horiek.
Ze beharrezkoa den Naizen elkarteak egiten duen lana! Mila esker eta besarkada estu-estu bat danori eta baita zuri ere, Ekai zauden tokira, bihotz-bihotzetik.