Nahaste santua
Etorri den bezala joan zaigu aurtengo Aste Santua ere. Normaltasunera bueltatu garela esan daitekeenetik lehenengo Aste Santua dela argi geratu da, bai. Ez da egon telebistan prozesio, ama birjin eta pelikula mitiko gabeko egunik. Kate baten baino gehiagotan joan dira La pasión de cristo, Ben Hur, El principe de Egipto… Ulertzen zein bizi duenarentzat ona izango da eta, beraz, nik errespetuz begiratzen diot. Hala ere, tradizioa eta umorea uztartzea egokia dela uste dut. Hemen La vida de Brian zaleak gara. Zoritxarrez, ez dut aurkitu egun eskura ditugun ehundaka kateetan, pelikula handi hori eman duenik.
Aste Santuaren oinarria erlijioa izan arren, fedea bigarren (edo hirugarren) toki batean geratzen da, tartean jai egunak egonez gero. Oporraldiak erlijio kutsua edukitzeak ez du askorik ardura, oporrak oporrak dira eta. Gabriel Arestik idatzi eta gerora Oskorrik musikatu zuen Guretzat letran dioen moduan: «…zin egin behar dugu zintzoki, bakoitzak duenagatik; sinestedunek dudarik gabe bere Jaungoikoagatik eta sineste gabeek berriz bere ohoreagatik». Sinestedunek beraien arrazoiak edukiko dituzte, baina besteek ere bai. Kasu, sineste gabeek ohoreagatik baino, atseden edo gozamenagatik egin beharko lukete zina.
Eguraldiak ez du askorik lagundu, ez behintzat gure zonaldean. Ez behintzat egutegian gorriz zetozen egunetan. Hala ere, sumatu dugu inbasio prozesuaren lehenengo fasea. Badatoz beraneanteak. Busturialde osora edo gehiengora hedatu dira, gainera. Nire begiekin ikusi baditut Busturi, Sukarrieta edo Mundaka inguruetan, ez dut imajinatu gura nola egon diren Bakio edo Lekeitio bezalako herriak.
Dena ez da txarra izango, baina. Autzagane nekez zeharkatzen dugunok asko ta neurriz baloratzen dugu non bizi garen. Zoritxarrez, ez da orokortu daitekeen zerbait, asko eta askoren jarrerak eta ekintzak ikusita zalantzan jarri daitekelako hemen bizitzeak abantailak edo kalteak dakartzan. Gure bizi jarduna Biosferaren erdian garatzeko aukera izatea gutxi batzuen esku dagoen ohorea da. Horregatik, ez dago batere txarto noizbehinka norbait kanpotik etortzea daukagun zortea eta pribilegioa ikusarazteko. Bitartean, jarrai dezagun kanpora begira, ederrena hortik zehar dagoelakoan.