Mundu modernoko arazoak
Ozeano Atlantiko osoa 6-8 ordutan zeharkatzea normalizatu dugu. Dudarik gabe aurrerapen itzela izan da. Animalia gutxi egongo dira hori egiteko gai direnak, hegaztiren batek agian egin ahalko luke. Kontua da ez dela erabaki inteligentea hiltzeko probabilitate handia baitago, horregatik oso arraroa da adibidez, hemen Ameriketako hegazti bat ikustea. Badaude kasuak, baina gutxi.
Espezieak ere beraien artean desberdinak dira. Leku bakoitzeko espezieek beraien bide ebolutiboa jarraitu dutelako beraien artean nahastu gabe, ez dute kontakturik izan.
Bilbotik Madrilera hegazkinez azkarrago heldu zaitezke Gernikatik Bilbora trenez baino, ez al da ikaragarria hori? Argi dago inoiz baino konektatuago eta hurbilago gaudela.
Baina honek baditu bere arriskuak ere, eta adibidez, ekosistemei ez die mesede askorik egin. Hartu 5 minutu eta begiratu zure ingurunera, zenbat espezie exotiko ikusi dituzu? Eukaliptoak, pinuak,…
Hemen beste lekuetako espezieak ikustea ere inoiz baino errazagoa da, asko ez dira kaltegarriak baina beste askok izaera inbaditzailea daukate gainera. Eta hor daukagu gaur egun ekosistemen kontserbaziorako erronka handienetako bat: espezie exotiko inbaditzaileen erradikazioa.
Uste baino errazagoa da ekosistemara espezie exotiko bat sartzea.
Adibidez: imajinatu maskoten denda batera goazela, eta etxerako dortoka bat erosten dugula, Floridako dortoka (Trachemys scripta elegans). Pare bat aste pasatuta, ez dugu jada etxean eduki nahi eta askatu egiten dugu, herriko parkean. Pixkanaka ugaltzen hasten da gehiegizko populaziora heldu arte, eta bertako dortoka espeziea (Emys orbicularis) desplazatzen du.
Edo imajinatu Ipar Amerikan oporretan zaudela; landare bat gustatu zaizu zure etxean jartzeko. Asko gustatu zaizunez, hazi batzuk hartu dituzu etxera eramateko. Etxeko lorategian jarri duzu eta pixkanaka zure ingurunean hedatzen hasi da. 5-10 urteren buruan gehiegizko populaziora iritsi da, espezie autoktono askoren desagertzearen arrazoi izan arte.
Bi kasu hauek benetan gertatu dira, lehenengoa Floridako dortokarena eta bigarrena Baccharis halimifolia landarearena, gure ekosisteman dauden bi espezie exotiko inbaditzaile oso kaltegarriak.
Aski da pertsona batek despiste edo akats bat izatea espezie exotiko inbaditzaile baten propagazioa eragiteko, marra fina da. Horregatik bai, ingurumen hezkuntza inoiz baino garrantzitsuagoa da.