Natxi Aranburu
Harriak mugitu daitezen» Bilborako jaso dugu gonbitea, biharko, urtarrilaren 9rako. Edota Baionarako.
Noranzgabeko harria edo harriak, zapalkuntzaren harriak, «aro berrian» minbera dirauten harriak, mugimenduan ez diren egongo harriak mugitu?
Mugitu ditzagun! Izan ere oztopoz bete dizkigute harlauzatzarrez bideak. Berez, berez … sasia ei dator. Beraz, harriok, geure eskuz, geurez, mugi ditzagun.
Direla pertsonak, direla egoerak, bere horretan, erosotasunaren erruz batzuetan, nagikeriaz besterik gabe inoiz, akaso apropos, hala gura dutelako besteetan, hor iraungo dute krudelkeriek. Krudelkeria baita, gaixo larrietan aurrera egin ezin eta kartzela zuloetan mantenaraztea euskal presoak; mendeku hutsa besterik ez baita kartzeletan urte luzeetako kondenekin etxeetatik urruntzea presoak, mina eta samina eragitea besterik ez baita presoen senitarte edo lagunen orpopeetan harri koxkorrak etengabe ipintzea euren ibilbidea kartzeletara harik eta neketsuena izan dadin.
Zama itzela baita, edozein soziedadetan, jakinean egonik injustiziaren argirik gorrienak piztuta direla ere, ezer ez egitea egoera aldarazteko. Demokratatzat bere burua duen edozein gobernarirentzat ispilu desitxuratsugarria baita oinarrizko eskubideak zapaltzeko helburu eta xedea duen kartzela politika elikatzea; harri torpe eta erraldoiz bazterrak hornitzea.
Bihar, bete ditzagun mukuru autobusak Bilbora eta Baionara bidean; aska ditzagun zentzugabeko harriz betetako bide, zein kaleak.
Hala ere, Euskal Herrian, beste mila bide eta bidexka ditugu alferrikako harriz beteak. Orain gutxi kantatzeari utzi dion talde baten bertsoak dioena bihurrituz: har ditzagun eskuan ahiotza, laia, palanka…
Bideetako sasiak lehenengo eta sasipean dauden harritzarrak mugiarazteko ondoren; egunerokoak, herrietakoak, bulegoetakoak. Ekin dezaiogun, borroka dezagun harriok lantzarretatik mugiarazten. Mugi ditzagun!
Mugi gaitezen harriak behar direnerako eta behar direnean jartzen, soilik.
P.D.:Aurten, harripean akaso ezin, ze ordurako Bilbon batuko den jende uhoaldeak den-denak mugituko baititu, baina borondatearen emariaz batutako diruak harrizuloren baten ondo gordetzea komeniko da, biharamun goizean bahitu ez ditzaten.