GERNIKA-LUMOKO UDALA: SUSPENTSO.
Gernikako ESKOLA BIDEA proiektuaren suspertzailea izan nintzen orain dela urte batzuk. Lan handia eta eredugarria egin genuen eskoletako gurasoek herriko beste eragile eta Udalarekin batera elkarlanean. Herritarra, ama eta irakaslea naiz. Hiru esparru horietatik tristura eta haserrea ematen dit Gernika-Lumoko Udalaren kudeaketak mugikortasun arloan, gutxienez, jasangarria eta zentzuzkoa izan beharko zelako. Urteetako herri-eskaera izan den bizikletentzako bide seguruen sarea garatu ordez (Zornotzak, Durangok egin duten bezala) Gernikako Udalak, inolako lotsarik gabe, eginda egon den tarte bat desegin egin du. Orain dela lau urte, “Bidegorrixe Gernika-Lumon Ekimena” ordezkari bezala udaleko ordezkari politiko eta teknikoekin izandako bilera batean, planoak mahai gainean, udaleko ordezkariekin negoziatu zena hau izan zen: bidegorriaren jarraipena Mestikabasotik eskolak lotuz, eta “korreos” aurreko puntu arriskutsuari konponbidea eta gutxienezko jarraipena eman, hurrengo fase batean polikiroldegietarako lotura emateko. Hori zen zentzuak agintzen zuena, gaztetxoen mugikortasun osasuntsu, seguru eta jasangarriari begira, eta herriaren kotxe dentsitate eta atasko uneak arintze aldera. Bata ez bestea ez du egin Udalak, nahiz eta diru publikoa jaso duen bide-gorri sarea proiektua osotzeko. Eta, alderantziz, asko kostata eta jada eginda zegoen zati garrantzitsu bat kendu zuten. Negargarria da.
Eskola-bidea proiektuaren diagnostikoan argi adierazten zen bizikleta-bideak zuzendu eta garatu egin behar zirela segurtasuna eta mugikortasun jasangarria suspertuz. Baita ere, gaur egun argi geratu den modura, gaztetxoen kirol-jarduera eta osasuna bultzatu egin behar dira administraziotik, hurbilenekotik hasita.
Espaloiei buruz, ez sinistekoa da Mestikabasoko aldaparen obran, herri-lan handia egin arren, eta herriko eskoletako ataria izanik (kontuan izan Lurgorri aldetik datorren familia kopurua), betiko espaloi estua gelditu dela, eta bidegorririk ez dutela sartu. Ez sinestekoa; anakronikoa da. Orain dela urte batzuk Gernikak egindako eta diru publikoz ordaindutako “mugikortasun planean” agertzen ziren aholku guztiak aintzat hartu gabe geratu dira. Alboko herrietan aurrera-pausoak ikusten ditugu mugikortasun jasangarrian. Gurean ostera, “terrazeoa” nagusi da, eta oinezkoak eta bizikletazaleok, alboratuta, ATZERA goaz.
Mugikortasun astea izan da, eta 2022an ez dugu nahi panfletorik! Benetako planifikazio zentzuzkoa eta serioa nahi dugu, eta azpiegitura koherenteak, herritarrok behar duguna eta herriaren orografia zelaiak ahalbideratzen duena.