Mitologia salaketarako tresna gisa
Paul Urkijo zinemagilea da euskal ikus-entzunezkoek eta euskal mitologiak behar zuen zuzendaria. Errementari (2017) eta Irati (2022) luzemetraien ostean, Gaua (2025) estreinatu berri du, gaueko izaki mitologiko beldurgarrien inguruko zinta. Bi aldiz ikusteko aukera eduki dut, eta ikustaldi bakoitzean hobetu egiten da pelikula.
Urkijok betidanik izan du euskal mitologiarekiko miresmena, asko ikertu ditu Barandiaran eta Azkuek utzitako idatziak, eta bertatik abiatuta, errespetu eta fideltasun osoz egokitu ditu istorioak. Azken ekoizpen honetan, hainbat istorio eta ipuinetan oinarritu da zinta osatzeko, istorioen artean loturak eraiki ditu eta Kattalin izeneko protagonista erabili du narrazio hari gisa.
XVII. mendean sorgin ehiza erdian kokatzen da gure protagonista, senarraren indarkeriagatik ihes, gauez, oihanean sartzen da eta bertan hiru emakume atseginekin aurkitzen da. Hauek gaueko istorio beldurgarriak kontatzen dizkiote, eta gutxinaka gutxinaka istorio horren protagonista dela konturatzen da. Agerikoa da, bizitza errealean ez zirela sorginak existitu, eta inkisizioak martxan jarri zuen sorgin ehiza estrategia politikoa izan zela herri bat umiliatzeko. Elizak eta monarkiak gogor zigortzen zituzten beraien ideologia eta morala partekatzen ez zituzten herriak, eta neurri zapaltzaileen artean, gizartearen desitxuraketa eta deshumanizazioa zegoen. Garaiko euskaldunek, ustez, Akerbeltzekin akelarreak egiten zituzten, biluzik, neskek neskekin txortan, mutilak mutilekin eta Akerbeltz berarekin; animalia hutsak elizaren aburuz. Bada, euskaldunok iruditeri hori hartu eta geure egin dugu, eta hori bera da Urkijok film honetan egin duena.
Zintan gure arbasoen sinesmenak azaltzen dira, baita inkisizioak asmatu zituenak ere, baina geure eginda. Istorio horiek guztiak hartu eta egungo ikuspuntutik kontatu ditu Paulek, askatasun ikuspuntu batetik, ikuspuntu feminista batetik, baita ikuspuntu euskaldun batetik ere. Akusazio faltsuengatik erre zituzten gizon zein emakumeenganako omenaldia ere bada pelikula; izan ere, emakume protagonista biak errealitatean elkar maitatzeagatik heriotzara kondenatu zituzten.
Zorionekoak gu, kontsumitzaileok, Paul Urkijok zinema maite duelako, gure mitologia miresmenez lantzen duelako, eta gure posiziotik kontatzen dituelako istorioak. Mezu aldetik boteretsua da pelikula, baina ez hori bakarrik, zinematografikoki mundu mailako filmeekin lehiatu dezakeen zinta ere bada, labur esanda; filma oso ona da. Beraz, eman diezaiogun harrera ona eta joan gaitezen zinemetara Gaua ikustera.