Mitoeroa
Duela aste batzuk iragarri zuen Bulego taldeak 2027. urtera arte ez duela kontzerturik emango. Batzuentzat, tristura, urtebetean ezin izango dituztelako umeak kontzertuetara eraman; beste batzuentzat, ordea, su-etena, urtebeterako bakea. Hori bai, berri horrekin batera, 2027ko martxoaren 6an Bilbao Arena Miribillan emango duten itzulera kontzerturako sarrerak jarri zituzten salgai. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula sarrerekin aterako duten diru kopurua, gutxienez 2026an kontzerturik eman gabe bizirauteko beste. Erosi ditugu urtebete barrurako sarrerak, eta orain zer? Urte guztian zehar, zer? Badakit! Kontzertuaren egunean edariak eta mertxandisinga erosteko aurreztu behar dugu, jakina.
Lasai, badira makrokontzertu gehiago. Zetak taldeak, Pello Reparazek berak, lehen Mitoaroarekin Nafarroa Arena bete zuen, bigarrenarekin, Donostiako Ilunbe eta orain, badirudi San Mames birritan beteko duela. Fermin Muguruzak ere aurten bete du Nafarroa Arena. Gatibu taldeak hiru aldiz beteko du BEC, behingoz agur esateko. Hala ere, lasai, bueltatuko dira-eta. ETS taldeak ere disko berria aurkezteko bete du Buesa Arena: zerbait intimoa eta sinbolikoa nahi zuten. Sinbolikoa beharbada bai, baina, intimoa? 30.000 ikuslerentzat? Ez dakit, ba.
Badirudi mito eta kondaira bihurtuko diren kontzertu eta jaialdien garaian bizi garela. Ezin dugu aukera galdu. Lanean, eskolan edo kalean ordenagailua aterako dugu eta F5 botoia (web-orria freskatzeko erabiltzen den botoia) sakatu eta sakatu ibiliko gara sarrerak erosteko. Sarrerak erosi behar ditugu, bai ala bai, badaezpada.
Dena den, onartu beharra daukat guzti honek baduela alde ona. Guztiek euskaraz egiten dituzte ikuskizunak, gehienak euskara hutsean. Beraz, bada euskarazko kultura kontsumitzen duen jendea eta hori poztekoa da. Baina, ikuskizun horietatik atera, eta ba al dago makrojaialdi, makrokontzertu eta logika kapitalista horretatik kanpo dagoen euskal kultura kontsumitzen duenik? Zer gertatzen da euskal musikari hasiberri eta undergroundekin? Hauek ez dute jaten ala? Bada, uste dut, zoritxarrez, egunean hiru aldiz jateko ohitura txarra dutela. Hori gutxi ez dela, otordu guztiak presaka eta arineketan egin behar, beren hobbyek dakarzkien gastuak eta egunerokoan sortzen zaizkienei aurre egin ahal izateko beste arlo batzuetan lan egin behar dute-eta.
Euskal Herrian, zorionez, badira kulturarentzat arnasgune diren areto eta gune autogestionatuak. Badira, makrojaialdiak antolatzen dituztenek ordaintzen dituzten neurriz kanpoko cachetak ez ordaintzea erabaki dutenak. Badira, sarrera eta afariaren truke jotzen dutenak. Badira, hogei pertsonarentzat jotzen dutenak. Badira, autogestiotik eta DIY (ingeleseko Do It Yourselfen akronimoa; euskaraz, zuk zeuk egin ezazu) ikuspuntutik underground eszena bizirik mantentzen dutenak. Gernikan, esaterako, trenbidea gurutzatzea besterik ez da behar hiru gune autogestionatutan kontzertu bat 10 euroan ikusteko eta talde baten kamiseta bat 15 euroan erosteko.
Erotuta gaude ala? Ala, joango garen ere ez dakigun euskal kulturako kontzertu baterako sarrerak erosteko hain hain hain inplikatuta eta errotuta sentitzen gara? Egia esan, uste dut erratuta gaudela. Ez diot ez garenik joan behar horrelako kontzertuetara, eta honek guztiak zer pentsa ematen dit. Ez da erraza koherente izatea, baina behintzat izan gaitezen kontziente. Hausnarketa bat —Gorka Urbizuk esango zukeen bezala—, besterik ez.