Mikel Iruskieta: "Herriko tabernak, tabernak baino zerbait gehiago"
Euskal Herrian Espainiak egin dituen «ekarpentxo» politiko-kulturalaz arituko gara gaurkoan. «Euskal Herria ez da nazioa, ez». «Nazioa Espainia da; beraz, ezin da Euskal Herria nazioa izan». Ba, izan ez dadin tematuak daude. Historia bidaide, sinbolo diren Euskal Herri batzuetatik (Zugarramurdi, Arantzazu, Gernika eta Euskal Herria) bidaiatxoa egingo dugu «ekarpentxo» horiek zeintzuk diren erakusteko. Irakurleak epaituko du, nahiko balu, horien garrantzia.
Zugarramurdin, 1610ean inkisizio espainiarrak 300 herritarri sorginkeria egitea egotzi, hainbat torturatu eta kartzeletan sartu zituen. Horietako hamaika sutan erre, batzuk erre aurretik hil zirenez eta bizirik erre ezin izan zituztenez, bost horien irudiak erre zituzten. Europako sorginkeria prozesu ospetsuena egin zuen Espainiak.
Oñatin, 224 urte beranduago, 1834ko abuztuaren 18an, liberalek Arantzazuko santutegia erre zuten Arantzazuk ordezkatzen zuelako euskal tradizioa, jakintza eta zergatik ez desobedientzia ere bai. Espainiar erregetzatik Oñatiko Unibertsitatea Gasteizera eramateko agindu zuenean, zenbait irakasle Oñatin gelditu eta karlisten lehen unibertsitatea sortu zuten hieu fakultate ez nolanahikorekin: Filosofia, Legedia eta Kanonak eta Teologia. Gobernuaren kontra zeuden karlisten eraginpean, jakintzaren, desobedientziaren eta euskal tradizioaren nahastea «bakegintzarako» kaltegarria zela eta, Arantzazuk ordezkatzen zuen sinboloa erre zuten.
103 urte ondoren, 1937ko apirilaren 26an Gernika erre zuten eta merkatu egunean bertan bildutako euskaldunak garbitzeko agindu zuten espainiar gobernua gerra eta gerra krimenez lortu zutenek. Gaur, agintean daudenen guraso edo familiako berberek. Gernika erre zutenek ere besteei errua egotzi zieten. Badirudi hori ere legearen inperioari eta demokraziari egin dioten beste «ekarpentxo» bat dela, ala bestelakorik entzun al dugu beraien berbetan. «Ekarpentxo» honek munduan zibilen kontrako sarraskirik ezagunenetakoa izatea ekarri dio Gernikari.
78 urte beranduago, eta, besteak beste, 9.600 lagun torturatu (iturria: Euskal Memoria) eta gero, 2015eko uda honetan Herriko tabernenen auzian Espainiak 20 lagun kartzelara eraman eta 111 herriko taberna lapurtu nahi ditu, konfiskatu. Herriko tabernak ez dira taberna hutsak izan eta uste dut ez zaiola justizia egiten horrela esanez; izan ere, izan dira batzar gelak, hitzaldi gelak, lan gelak, formazio tokiak, bilgune sozialak, kontzertu tokiak, edantegiak, eztabaida lekuak eta abar luze bat. Esango nuke ez dituztela herriko tabernak lapurtuko leku horietan gastatzen edo irabazten zen den dirua dela-eta, baizik eta ordezkatzen dutenarengatik: gazte desobediente euskaldunak elkartzeko tokiak zirelako. Gazteagoa nintzanean, herriko tabernarik gabe nora joan jakin gabe egongo nintzatekeen; baina orain nago ez dutela emaitza hori lortuko eta herriko tabernan egiten diren gauza guztiak egiten jarraitzeko espaziorik faltako ez dela. Agian, zenbait lekutan bultzadatxoa izango da eta garai politiko-kulturalak eskatzen duen berrasmatzea, erreferentzia eta bilgune berria bilatzeko bultzada izango dira, kalte ekonomiko izugarria izan arren.