Mikel Iruskieta: 'Britainiako independentista berriak!'
Hasieran, lagun artean ere sortzen ziren eztabaidak Europar Batasuna dela eta (nahiz eta Bermeon egin zen kontsultan ezetza nagusitu). Gerora, krisia etorri eta norbaiti entzun genion eztabaida hori burujabe izan gabe egitea faltsua dela eta momentua heltzean, beharbada Europako Batasuna ere ez zela guk orain ezagutzen genuena izango. Horrek eztabaidak asko lasaitu zituen.
Ba, hara, zer gertatu zaien eskoziarrei! Nork esango zien eskoziarrei Britainia Handian segitzea erabakiz gero, Europako Batasunetik independentzia lortzeko borrokatuko zirela. Nork, baina? Nork esango luke britainiarrak eskoziarrak baina independentzia zaletasun gehiago izango zutela horren denbora-tarte txikian? Esango nuke, Europako Batasunetik ateratzeko mehatxua izan dela indartsuen erabili dutena Eskozian eta hala darabilte Katalunian eta Euskal Herrian. Hori guztia 2 urte baino gutxiagoan gertatzeak erakusten du egun zenbaitzuek politikan edozer esan eta erabil dezaketela, establishmentetik kanpora joan nahi duzunean.
Eskoziarrek badituzte etxeko lanak, bi urte baino lehen Ingalaterrarengandik urruntzeko eta Europar Batasunean geratzeko, baldin eta hala nahi badute eskoziarrek.
Kuriosoa da, baina Europar Batasuna uztea eskubidea da eta 50. artikuluan eskubide hori jasota dago. % 72,2ko parte hartzearekin bozkatu duenen % 51,9 irtetea erabaki dute. Nahiz eta ondorio ekonomikoak oso kaltegarriak izan omen diren Ingalaterrarentzat, dirua 1985 urteko mailan ei dago. Hori jakin arren, ateratzea erabaki dute eta bertako politikariek herritarren erabakia onartu dute, gustukoa izan ez arren.
Gurean ere izan dira hauteskundeak berriki eta hor ere gezur joan dira, baina hori ez da berrikuntza. Orain berrikuntza da partidu bateko eledunek beste partidu bateko lemak esatea eta aldarrikatzea, baina kontrakoa eginez edota kontrakoa egiteko. Bueno badago salbuespena, eta eskerrak!
Bukatzeko, utzi iezadazue gertakaririk garrantzitsuenak azpimarratzen. Europar Batasuna uzteko eskubidea badagoela (estatua izanik), parte hartze esanguratsua lortuta %51 nahiko dela erabaki politiko sendoak eta sakonak hartzeko, nahiz eta horrek kalteak ekarri beste arloren baten.
Begiak eta bihotzak berriz ditugu Eskozian jarrita. Ezetz bigarren saiakaeran galdu!