Mikel Iruskieta: Belar txarrak jorrailean!
Belar txarrik gabe eta baldintza egokiak izanik, haretx sendoak eta iraunkorrak ikus zezakeen Gernika jaiotzen, erretzen eta zaharberritzen. Izan ere, ofizialki onartzen diren data historikoen arabera, Gernikak 571 urteko garapena izan zuen erre arte guzti, edo ia guztiz (eraikinen % 1 baino ez zuten zutik utzi). Gerora 78 urte pasatu dira gaur egun arte, 2015eko urte honetara arte. Sorkuntzak eta suntsipenak ironikoki urteko abizen bera dute: jorraila (bedar txarrak kentzeko sasoia).
Belar txarrik inguruan sobran badugunez eta jorrailean gaudenez, galde geniezaioke geure buruei zein diren gaur egungo egin beharrak. Alegia, zer den jorratu behar duguna.
Bi galderok ikuspuntu ezberdinetatik egin badaitezke ere, jorrailean sendotasunaren eta iraunkortasunaren bidetik emango ditut bi erantzun.
Belar txarrak Iruñean kentzeko aukera bihar izango dugu, apirilaren 25ean, Euskaraz bizi nahi dut ekimenari esker. Nafarroan aldaketa garaia dator eta hein batean horretan ere egin behar dugu. Nola, ordea? Ba, euskaraz bizitzen uzten ez duen edozertatik urrunduz eta gure esku dagoenean eragozpen edo belar horiek moztuz.
Belar txarrak Hezkuntzan moztuz, Heziberriren (LOMCEren inposizioaren autoasimilazio estrategia) iruzurrak agerian uzteko maiatzaren 9an Durangora joatea eta hirugarren mailako azterketarekin ez gaudela konforme erakusteko. Kanpotik inposaturiko azterketak edo belar txarrik kenduko ditugula erakusteko eta gure ebaluazio-irizpideak, euskaldunonak eta haurrak ezagutzen dituzten irakasleenak, landatu eta zainduko ditugula erakusteko.