Memoriaren kartak
Memoria mahai gainean jarri nahian gabiltzan garaiotan iritzi kontrajarriak entzuten dira batean zein bestean, baina nago oraindik karta guztiak ezagutzen ez ditugula. Asmoa memoria kolektiboa lantzea baldin bada, guztiok karta guztiak erakutsi beharko genituzke.
Badirudi iraganeko autokritikaren beharrak ez dituela mahaiaren alde guztiak astintzen, errealitate batzuk ezkutatuz eraikiarazi nahi digute azken hamarkadetako errelatoa. Bide horretatik eraikiko den memoriak, baina, amnesia partzialak garatuko ditu.
Tortura salaketen artean kopururik txikiena badauka ere, 1990. urtetik hona Ertzaintzak 200 tratu txar salaketa baino gehiago izan ditu. Ez da kopuru makala! Salaketak ez du tratu txarren egiazkotasunik bermatzen, hori egia da. Dena den, salaketak egotea bera nahiko larria da, are gehiago euskal gizartean askok eta askok zalantzarik ez daukanean herri honetako komisarietan tratu txarrik dagoen ala ez.
Iaz liburu bat argitaratu zuten: Inkomunikazioa eta tortura. Azterketa egiruratua Istanbulgo Protokoloaren arabera. Euskal Herriko zein kanpoko 37 aditu eta ikertzailek eta 8 erakunde ofizialek burututako azterketa sakona. Eusko Jaurlaritzak finantzatu zituen argitalpena eta itzulpena. Argitalpena 45 euskal herritarri egindako azterketa sakona dugu. 45 horietatik 15 dira Guardia Civilak atxilotutakoak, 15 Polizia Nazionalak eta 15 Ertzaintzak. Kasu guztietan tratu txar salaketak egin zituzten atxilotu ondoren. Aditu eta ikertzaileen ondorioak ezin argigarriagoak dira: salatutako tratu txarren inguruan aztertutakoen artean %15,6ak sinesgarritasun “sendoa” eskuratu zuen, %31,1ak “oso sendoa” eta %53,3ak “sendotasun gorena”.
Ondorioz, Istanbulgo Protokoloaren arabera guztiek jasan zituzten tratu txarrak, Ertzaintzak atxilotutako 15ek ere bai. Nazioartean erabat onartutako protokoloa dugu, inor gutxik zalantzan jar lezakeena. Beraz, aztertutako salaketa guztiek sinesgarritasun maila hain altua baldin badaukate, beste kasu guztietan ere berdin-berdin pentsa genezake?
25 urteotan Ertzaintzaren aurkako tratu txar salaketa kopuruak gora beherak izan ditu. Lizarra-Garazi akordioaren garaietan salaketa kopuruak nabarmen egin zuen behera; su-etena hautsi ondoren berriro egin zuen gora. 2003. urte amaieratik 2009. urte hasiera arte ez zen tratu txar salaketarik egin. 2009tik aurrera berriro agertu ziren tratu txar salaketak. Azken urteotan berriro desagertu dira.
200 salaketa horien egiazkotasuna aztertu gabe dago. Hala ere, Instanbul Protokoloak 15 kasuetan sinesgarritasuna emateak eta tratu txar salaketek garai politiko zehatzetan izandako gora beherak ikusita zalantzarako tartea handiegia da. Ez naiz ari ertzainei buruz, euren arduradun politiko eta instituzionaletaz baino.
200 salaketa horien sinesgarritasuna egiaztatuko balitz Euskal Jaurlaritzaren sinesgarritasuna legoke zalantzan. Baina egia balitz, kasu guztiak egiaztatu baino lehen, ez litzateke egokiagoa Eusko Jaurlaritzak berak publikoki adieraztea erabaki politikorik egon den? Bakea eta Bizikidetza sailak ez luke lehenengo bere etxekoa aztertu eta azaldu behar? Zalantzarik gabe lagungarria litzateke.
Tratu txarrak jasandakoek egia jakiteko eskubidea daukate, euskal jendarteak ere egiarako eskubidea dauka. Mahai gainean kartak falta dira.
Xabier Enbeita Ibarra- Gernika-Lumo