Memoria dugulako, ez dugu ezer ospatzeko
Zein izan daiteke euskaldunon egun nazionala? Horrelako zerbait behar al dugu euskaldunok? Zer irakurketa egin dezakegu geure iraganaz jendarte askeagoa eraikitzeko? Ez da gai makala euskal ikuspegi batetik. Gure ustez, barneratuta gauzkaten herrialdeen jai nazionalak nekez izan daitezke euskaldunok biltzeko egunak. Agerikoa denez, hori da urriaren 12an ospatzen den Hispanitatearen Egunaren kasua, euskaldun askok ez baitute inoiz lekurik izan hispanitatearen historian. Aldi berean, uztailaren 14a, galiar oilarra, Marianna, Garaipenaren Arkua eta francophonie kontzeptuek ez diete zirrararik eragiten beste hainbeste euskaldunei.
Zer egingo diogu! Pierre Lancre euskaldun jatorriko epaile bordeletar eta XVII. mendeko Lapurdiko sorgin ehiztariak oso ondo zekienez, euskaldunak jende susmagarria gara; arriskutsuak, ez frantziarrak ez espainiarrak sentitzen ez garenak, ohitura bereziak ditugunak eta hizkuntza zailean mintzatzen garenak. Euskaraz inprimatutako lehen liburua Bordelen argitaratu zen, 1545ean. Eta Nafarroako legezko azken errege-erreginak ez ziren inolaz ere espainiarrak (ulergarria, orduko nafarrek ez baitzuten euren burua espainiartzat).
Urriaren 12a espainiar nortasunaren adierazpenerako egun nagusia da, Hispanitatearen Eguna, Espainiak azken koloniak galdu zitueneko krisi nazional sakonarekin lotuta dagoena, eta harrotasun nazional espainiarra berpizteko ahaleginetako bat izan zena. Ondorioz, Espainiak burutu zuen zibilizazio kanpaina erraldoia eta kristautasunaren hedapena hispanitatearen kontzeptuaren zutabe bihurtu ziren. Esploratzaile eta kolonizatzaileen ekintza gogoangarriek eta balentria militarrek kontzeptu hura finkatu zuten. XX. mendearen hasieratik ospatzen da 1492ko Aurkikuntza oroitu eta Espainia Ama Aberriaren protagonismoa omentzen duen jaialdia; 1918an Arrazaren Eguna izenarekin izaera ofiziala eman zitzaion, 1958tik aurrera Hispanitatearen Eguna izan da, eta 1987tik gaur arte, espainiarren egun nazionala.
Gure historian urrian gertatutakoak gogoratzekotan, oroitu gaitezen 1620ko urrian Luis XIII.ak, Nafarroako Erresuma, bere erakunde, legedi, artxibategi etab.ak Frantziako Koroaren menpe jarri zituela; 1839ko urriaren 25ean, Espainiako Gorteek euskal hegoaldeko ohiko sistema politiko forala indargabetzeko atariko legea ezarri zutela; eta 1939ko urrian, Gernika-Lumok gerran garaile atera zen espainiar nazionalismoaren muturreko bertsio biolento eta baztertzailearen ordezkari nagusia, Franco jenerala, umeordetzat hartu zuela. Irainak jarraipena izango zuen, 1946ko otsailaren 13an diktadorea Gernikako seme kuttun izendatu zutelako, eta 1966ko martxoaren 23an hiriaren brillantezko domina eman zitzaiolako.
Argi dago urriaren 12ko espainiar nazionalismoaren jaiegunean euskaldunok ez daukagula ezer ospatzeko.