Mapatxea eta azkonarra
Duela hilabete inguru bolo-bolo zabaldu zen sareetan, baita telebistan ere, mapatxe bat Lekeition agertzen zen bideoa. Bertan, mapatxe bat ageri zen gauez haitz artean, eta bideoa grabatu zuena kexu zen muxarra ostu ziolako.
Albistegietan esandakoaren arabera, mapatxeak espezie inbaditzailea dira. Wikipediak honela definitzen du espezie inbaditzailea: «Espezie bat hona etorri eta bertan hazteko kapaz bada, naturalizatu egin dela diogu, baina behin bertako landare eta animalientzako kaltegarria baldin bada, inbaditzaile deitzen zaio».
Egun batzuk geroago Durangon beste albistea, mapatxe bat zirudien animalia bat agertu zela Durangoko saihesbidean, baina ez zela mapatxea, azkonarra baizik argitu zuten. Horretarako aditu bati galdetu zioten.
Mapatxeak ostutako muxarraz harago, eta naturan egin lezakeen kalteaz harago, ordea, bada bestelako kalte bat ere, eta hori mapatxea Lekeition agertu aurretik gertatu da.
Bideoa grabatu zuenak bezala, animalia ikusi eta mapatxea identifikatu genuen gehienok. Mutur zorrotz, begi buelta beltz, eta marradun buztana ikusi eta gure inguruan inoiz ikusi gabeko animalia identifikatzeko gai izan ginen gehientsuenok. Gehientsuenok diot, baina seguruenez, adin batetik gorakoen artean gutxiagok ezagutuko zuten.
Eta nola gara gai sekula ikusi ez dugun, eta milaka kilometrora bakarrik bizi den animalia baten izena esateko? Mapatxea adibide bat baino ez da, hartz panda, kamaleoia… erraz identifikatuko genituzke. Globalizazioak aspaldi ekarri zituen etxeko egongelara. Ez da harritzekoa, etxeko txikienek ere ezagutzen dituzte mapatxeak, hipopotamoak, elefanteak, krokodiloak… Krokodiloei eta tximuei kantu eta ipuin bat baino gehiago egin diegu, tigreak ere marraztu ditugu, irakurtzen ditugun ipuinetan ditugu animalia horien ilustrazioak, eta gelan argazkiak.
Kanpokoa, exotikoa etxekotu dugu, baina trukean, bertan daukaguna ezagutzeko eta izendatzeko gai ez gara askotan. Azkonarra ikusiz gero, zenbatek jarriko genioke izena? Apalategietan apenas dagoen (bat ere ez esatearren) azkonarra, ogigaztaia, basurdea edo bertako animaliak agertzen den ipuinik. Eta ahozko transmisioa izan den baserri inguruetatik harago, ez dira ezagutzen; Durangoko kazetariek ere adituei galdetu behar izan zioten azkonarra zela jakiteko.
Eta bideoan entzuten den hizkuntza ere ez dugu esango Lekeitiokoa denik jatorriz. Hizkuntza ekologia oinarri hartu eta Wikipediako definizioa berridatziz: bertara etorri eta bertan hizkuntzarentzat kaltegarria baldin bada, inbaditzaile deitzen zaio.