Makroak eta mikroak
badira mikrofeminismoak ere. Agian oharkabean pasaten zaizkigunak, ez dutenak titular haundiekin edota erabaki potoloekin zerikusirik, baina egunerokoak milaka, miloika tokitan gertatzen direnak naturaltasun osoz, dominarik edo titularrik jasotzeko asmo barik egiten direla.
Argazkigintzaz aritzen ez banaiz ere, badira munduaren argazkia egiteko, mundua begiratzeko erak. Munduko edozein arlotan begirada makroa izan dezakegu, zeinek ekonomia –makroa– ederto dihoala dioena; edota mikroak bizi diren behartsuena; turismoak ematen duen makro ikuspegia, eta etorkinek eskeintzen diguten mikro begirada.
Gaurko Hitza-n ere Martxoak 8aren inguruko begiradak ere halakoxeak dira. Antolatuko diren makroekintzak (instituzio, komunikabide…) eta herrietako mikroekimenak.
Gainontzeko arloetan bezala, hauexek, mikroak, errealitatetik hurbilago daudenak izan ohi dira. Oso erreza da instituzioek aho batez mozio bat onartzea, edota kartel bat jartzea, dagokion funtzionarioari agindua emanez nahikoa da. Mikroekintzek, ordea, herritarren parte hartzea dute beharrezkoa, errealagoak dira, ez ditu diruak edota nagusi batek zuzentzen.
Makroekintzak soberan daude, beraz? Ezta inola ere. Beharrezkoak dira hauek ere. Sentsibilizazioan lan eskerga egin dezakete instituzio, komunikabide, eskola eta abarrek. Baina horiekin batera ez badira gizartearen mikrourratsak ematen, propaganda hutsean gera daitezke.
Mikroak, denean bezala, aldeko edota kontrako izan daitezke, onerako edota txarrerako, eraldatzaile edota kontserbatzaile. Baita makroak ere.
Badira sistemak berak bultzatzen dituen makromatxismoak, egiturazkoak direnak. Eta badira mikromatxismoak, gutariko bakoitzak egiten ditugunak, batzuk konturatu gabekoak edota matxismoak direla konturatu gabe.
Eta makrofeminismoa ekintzak ere badirela esan dezakegu, titular haundietan agertzen direnak. Ez dakit zein enpresa haundiak berdintasunaren alde emandako urrats bat, ez dakit zein lege onartu izana.
Baina badira mikrofeminismoak ere. Agian oharkabean pasaten zaizkigunak, ez dutenak titular haundiekin edota erabaki potoloekin zerikusirik, baina egunerokoak milaka, miloika tokitan gertatzen direnak naturaltasun osoz, dominarik edo titularrik jasotzeko asmo barik egiten direla; egin behar direlako, zentzuzkoak direlako.
Eta ez ahaztu, abestiak dioen bezala, malkoz malko, tantaz tanta itsasoa sor dezakegula. Morea, jakina. More alai eta elkartasunezkoa.