Martxoaren 4rako antolatu dute aurten Lilatoia, Donostian egiten den emakumeen lasterketa. Markina-Xemeindik bosgarren urtez joango gara herriko talde moduan. Bi bider, parte hartzaile gehien dituen herriaren saria ere irabazi dugu, gainera. HITZAn irakurri nuenez, Ondarroatik ere autobusa antolatu dute, eta eskualdetik 201 emakume joango gara aurtengoan arineketan egitera.
Lilatoia ez da egun bakarreko kontua izaten, ordea. Eguna heldu aurretik,
emakumeok elkarrekin geratzen gara entrenatzeko (alperrak garenok pare bat bider, besteak gehiagotan). Eta horrek, kirola egiteaz gain, emakumeon arteko harremanak sendotzeko eta sareak sortzeko balio du. Elkartzea behar-beharrezkoa dugu emakumeok berdintasunaren bidean: gure arazoak elkarri kontatu, beharrei erantzuten saiatu, edo, besterik barik, sentimenduak konpartitzeko. Kolektiboa sendotzeko gakoa da, eta, ondorioz, pauso bat gehiago ere bai berdintasunerantz.
Elkartzeaz gain, Lilatoiak
emakumeok ahalduntzeko ere balio du. Emakume bati Lilatoira animatzeko esaten diogun bakoitzean, erantzuna «keba, nik ezingo dut» izaten da. Probatzeko esan, apurka-apurka korrika egiten hasi, eta Lilatoia amaitzen duenean erabat ahaldunduta sentitzen da. Askok sinistu dugu Lilatoiari esker guztiok egin ditzakegula bost kilometro arineketan. Astiro-astiro, arin, edo bakoitzak ahal duen moduan. Jendarte honek kirolik ez egitera bultzagu gaitu emakumeok, beti daudelako bestelako lehentasunak (etxea, lana, umeak edota ikasketak). Aitzakia ezin hobea da Lilatoia lehentasun horien artean tarte txikia egin eta kalera ateratzeko. Eta, ondorioz, ahaldunduago sentitzeko.
Azkenik,
emakumeok ikusarazi eta azaleratzeko ere balio du. Ohiko lasterketen irudia guztiz aldatzen da Lilatoian: emakumeak bakarrik arineketan, emakumeak irabazle eta azken postuetan, emakumeak kaleko espazio osoa hartuz, emakumeak protagonista bakar. Urtean behin bada ere txalotuak dira amak, alabak, neska-lagunak, amonak eta arrebak. Ze, zenbat aldiz txalotzen ditugu publikoki gure etxeko emakumeak?
Aurten oraindik behin ere ez naiz atera arinketetan egitera, baina dagoeneko eman dut izena Lilatoirako. Kanpotik ikusteko ederra bada, barrutik bizitzeko askoz ederragoa baita Lilatoia. Zutabea amaitu eta banoa kalera korrika apur bat egitera, badator-eta egun berezia. Postuak berdin du, helmuga da inporta duena: berdintasunerako helmuga. Beraz, martxoaren 4an, guztiok Lilatoira! Arineketan egitera, egitera doazenei laguntzera, edo beste barik, txalo jotzera. Elkarrekin lortuko dugu berdintasunaren helmugara heltzea. Gora gu! Aupa neskak!!!