Zutabe hau idazten hasi aurretik ideia bila ari nintzen, eta lagun bati galdetu nion: zeri buruz idatziko dut? «Finalari buruz!» erantzun zidan, «hori espero da». Bekokiko zimurrek erantzun zioten zenbat harritu nintzen.
Zapatuan jokatuko da Bilbon Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, Miribillako Bilbao Arenan. Urtebete baino gehiago pasatu dugu hainbat lagunek zapatuko eguna eta txapelketa osoa antolatzen, detailerik txikiena ere prest egon dadin lanean.
Zutabea finalari buruz… Kontua da espero dena esateko, irakurleak espero duen moduan esan behar direla gauzak. Irakurri eta «jakina!» esan behar duela. Zerbait espero denean, esperotako hori itzultzea dela egin daitekeen minimoa, alegia, bestela espektatibak zapuzten direla. Eta kasu honetan, espero den hori susmoa daukadala zerbait berezia izan beharko litzatekeela, eta posiblea dela ez asmatzea guztiz horretan.
Alderantziz ere egin daiteke: espero ez den zerbait idatzi. Askotan askoz hobea da denek finalari buruz idatziko dudala uste eta bat-batean asteon Adurizek sartu duen penaltia justua izan den edo ez hausnarketan hastea eta zerbait txukuna ateratzea, eta denek «jooño» pentsatzea.
Unibertsitatean nenbilenean, Joxerra Gartziaren ikasgai batean ikasi genuen teoria hori:
jakina eta
joño teoria. Andoni Egañak nik hemen baino hobeto azaltzen du bere
Hogeita bina liburuan. Diskurtso bat arrakastatsua izateko
jakina on bat edo
joño on bat lortu behar zirela esaten zuen Egañak liburu hartan. Eta teoria itzela da, hori baita pertsonok eskatzen duguna: guk espero duguna eta pentsatzen duguna berretsiko dituen diskurtso bat, edo harrituko gaituen ideia berri bat.
Badator finala.
Jakina eta
joño asko espero ditut zapatu arratsaldeko bertsoetan. Eta txapelduna seguru jakina on bat edo joño on bat izango dela.
Bide batez, zer izan da zuretzat gaurko zutabea:
jakina edo
joño?