Maddi Ibaibarriaga Zubikarai: '….'
Berriro atera gara
behar ez gendun plazara
Martxoaren 8an gure herrietako plazak bete genituen pozik eta irribarrez, indarrez. Baina, zoritxarrez, normalean ez gara irribarrez elkartzen plazan. Nahi baino gehiagotan egoten gara pankarta atzean amorruz eta tripan korapilo galantarekin. Azken hamar egunetan hiru aldiz batu gara. Orain dela astebete Gasteizen emakume bi hil zituen gizonezko batek, eta asteon berriro elkartu gara bi bider: Iruñeko sanferminetako bortxaketaren epaiaren kontra, eta Donibane Garaziko hilketa salatzeko.
berriro zalantzan jarri
berriz justizia traba
Manadaren sententzia ez da emakumeen hitza zalantzan jarri duen ez lehenengoa ez azkena. Eraso matxisten aurrean gizarte honek zalantzan jartzen du emakumeon hitza. Eta gizarte matxistak, justizia matxista. Ezin baita pentsatu epaitegietan daudenak gizartetik kanpora bizi diren izakiak direnik. Justizia bera da traba emakumeontzat, salatzea zalantzan eta balantzan jartzeraino.
berriro sartu digute
zilegi ez den ikara
Eta bai, ikaratu gaitu epaiak. Beldurtu gaitu geure burua irudikatu dugulako Iruñako atari hartan, gure alaba ikusi dugulako bost matxirulo gainean dituela edo ahizpa irudikatu dugulako komunikabideen jazarpena ezin eramanda.
denok epaitu gaituzte
denontzat egin da gaba
Epaitegien babesik gabe eta epaituak, batera. Emakume guztiontzako epaia izan da hau. «Kontuz ibili» esan digute, ze gizonek beti izango dute arrazoia eta zuk arrazoitu egin beharko duzu zergatik salatu duzun.
baina guk argi daukagu
hau ezin da holan laga
Urte luzeetan ari da feminismoa borrokan, bere bidea egiten eta horrelako injustiziak salatzen. Eta oraingoan sekulakoa izan da erantzuna. Argi esan dugu: lege hau ez da guretzako eta aldatu egin behar da.
beldurra aldatu da bandoz
orain gu gara manada.
Denok batera, aho batez esan dugu mundu matxista honen kontra gaudela. Gero eta gehiago gara plazara ateratzen garenak, anitzak gara, desberdinak, baina norabide berean goaz matxismoaren kontra. Aurrera goaz. Plazan elkartuko gara, kamanada!
Oharra: Josune Aramendi Perezek Markina-Xemeingo elkarretaratzean botatako bertsoa osatzen da titular txikietako puntuekin.