LAUAXETAREN GERNIKA
IRITZIA – Sabin Ibazeta Lertxundi (Gernika Batzordearen izenean)
“Goiz eder onetan erail bear nabe txindor baten txintak gozotan naukela? El naiten leyora begion intz gabe” idatzi zuen Esteban Urkiaga Basaraz “Lauaxeta”k. Bere erailketaren bezperako gauean idatzi omen zuen “Azken oyua” olerkia, Zubillagatar Karlari eskeinitako olerki ederra. Ederra bezain gogorra. Ekainaren 25ean fusilatu zuten Gasteizko Santa Isabel hilerriko hormaren aurrean. Horma berean beste 195 lagun ere fusilatu zituzten, baina, 80 urte joan diren arren, oraindik udalaren omenaldirik zein onarpenik ez dute jaso. Ez baitziren hil, hil egin zituzten.
2017ko ekainaren 17an Gernika-Lumoko hilerri batean fusilatu, hil egin zituzten 82 lagun gogoratu nahi izan ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 72 gipuzkoarrak omen ziren. 80 urtez isilduak izan diren gorpuak. Ekimenaren antolaketa nola egin duten eta nor bai eta nor ez gonbidatu duten aztertzera sartu gabe, gure historiaren pasarteak zenbateraino isildu dituzten erakusten duten espazioak dira bi horiek, eta bi horiek bezala beste hainbat eta hainbat. Aurton Gernika bonbardatu zutela 80 urte joan direla gogoratu dugu. Zoritxarrez mundu luze zabalean ezaguna den sarraskia. Ezaguna Picasso margolari malagarrak sortutako “Guernica” koadro zirraragarriari esker. Baina, ezaguna ere bada egia ezkutatzeko egindako ahaleginagatik, herri suntsitu oso baten errautsen gainean eraikitako gezur lotsagabeengatik. Gernika gorriek erre omen zuten, Gernikan ehun eta piku baino ez omen ziren hil, Gernika gernikarrek berreraiki omen zuten, “Guernica” koadroak Gernikarekin ez omen du lotura zuzenik, Gernikako bonbardaketa ez omen zuen Francok agindu, Gernikako bonbardaketa Alemaniako Kondor Legioaren ekimen isolatua izan omen zen, Gernika bonbardatzeagatik espainiar estatuak ez omen dauka zer esanik,… Aurreko paragrafoan idatzitako esaldi horiek ez dira duela 80 urtekoak, ez guztiak behintzat. Horietako batzuk aurten ere entzun ditugu espainiar estatuaren ordezkarien ahoetan, espainiar estatuko historialari eta abarren mingainetan, baina baita euskal herritarren ahotsetan ere. Andra Mari kaleko babeslekuan bakarrik laurehunetik gora erraustu zituzten, euren hezur eta izen, euren gorpu eta abizen. 2000 lagunetik gora hil zituzten Gernikako sarraski hartan. Nola da posible oraindik ere astakeria hari pisua kentzearren eraikitako gezurrek irautea? Altxamendu faxistaren buruak agindu gabe ez zen bonbardaketarik egin, beraz, nork asmatu du Francok ez zeukala hilketa deitoragarri horren berririk? Gernikaren berreraikuntzan preso esklaboak erabili zituzten, aurreko Gernikaren inolako aztarnarik utzi gabe. Gernikarren memoriarekin zerikusirik ez zeukan Gernika berria “Territorios devastados”en eskutik etorri zen. Zenbat Gernikar geratu ziren ondasunik gabe? Nork salatu zuen nor ondorengo urteetan? Zenbat erail, torturatu, espetxeratu, bortxatu etorri ziren ondotik? Nork debekatu zuen euskara? Beraz, Gernika gernikarrek berreraiki zutela gehiegitxo esatea delakoan gaude. Behintzat, gernikarren zati handi batek ez du parte hartzerik izan, bere kontakizuna isilarazi diotelako, edo espetxeratu dutelako, edo bortxatu dutelako, edo ondasun guztiak lapurtu dizkiotelako, edo hil dutelako, edo… Gernikaren bonbardaketa ez zen ausazko aukera izan. Espainiar estatu berria, gaur eguneko Espainia-handi-bat-eta-batua, eraikitzeko Euskal Herria erraustea erabaki zuten Espainiako botere faktikoek. 1000 bonbardaketa baino gehiago egin zituzten Euskal Herrian, 1000tik gora! Euren artean Gernikakoa. Euskaldunon sinbologian esanguratsua den herria. Beraz, gaur eguneko estatua Gernikako errautsen gainean eraiki dute, hil zituzten milaka gorpuen gainean. Nola onartuko du espainiar estatuak Gernikarekin daukan zorra? Hori onartzeak bere izatea bera zalantzan ipiniko luke eta ez dago horretarako prest. Horren aurrean, nahiago du “Guernica”ri Gernika kentzea, nahiago du edukirik gabeko unibertsaltasunaren aldarria egin. “Mendi bitxidor berdiok, arin or duaz kantari: Dana emon biyar yako maite dan askatasunari” idatzi zuen Lauaxetak. Idatzi eta egin. Altxamendu faxistaren aurrean Frantziar estatuko kazetari bati Gernikako sarraskia erakutsi nahian bertara zenean atxilotu zuten, Gernikan. Goraipatzekoa da halako sortzaile batek herriaren alde guztia emateko konpromisoa hartzea, goraipatzekoa eta eredutzat hartzekoa. Gaur ere, oraindik herri honen ukazioak eta zapalkuntzak bete-betean jarraitzen duenean, euskararen biziraupenak bermerik ez duenean, bide bazterretan hildakoak lurperaturik daudenean, torturak eta hilketak onartzen ez direnean, ezinbestekoak dira Lauaxetaren modukoak, ondasun guztiak lapurtu arren herri honen memoria mantentzea lortu dutenen modukoak, kanpoko zein bertoko zentsuratzaileen gainetik euskara bizirik mantentzea lortu dutenen modukoak, zapalkuntza onartu ez eta ahotsa zein ukabila altxatu dutenen modukoak… Hitzetatik egiterako bidea egin behar dugu guztiok, pentsatzetik oihukatzera, onartzetik eraikitzerako bidea. Herri honek badauka memoria, euskal herritar askoren ekarpenez eraikitako memoria, konpromisoaren memoria, maitasunaren eta maite dugunaren alde borrokatzeko memoria. Mendeetako zapalkuntzaren aurrean “dana emon daben” askoren memoria. Baina bada memoria horretatik etorkizuna eraikitzeko garaia. “Guernica”k Gernikan egon behar du Euskal Herriaren memoriaren parte delako, beraz, Reina Sofian bahituta daukaten koadroa bueltatzeko garaia da. Euskal Herritarrei mendeetan lapurtu diguten burujabetza geureganatzeko garaia da. “Bakea eta askatasuna, Euskal Herriak erabaki” da aurtengo apirilerako aukeratu genuen lema. Eta hori berori da herri honi opa dioguna. Ematen ez badigute euskal herritar guztiok geureganatu behar duguna. Gernika Batzordean 40 urtetik gora daramatzagu sarraskiaren egia eta herriaren memoria berreskuratzeko lanetan. Gernikako bonbardaketa Euskal Herriaren historian kokatzen. Horrexegatik goraipatu nahi dugu Lauaxetak hartutako konpromisoa eta egindako lana. Lauaxetak zioen bezala: “Erri zintzo-onenak zaindu dagiala il gintzanen atsa, il gintzanen ala”.